argia.eus
INPRIMATU
Frantziak migratzaileak legez kanpo kanporatzen dituela ebatzi du Europako Auzitegiak
  • Irailaren 21eko ebazpenak dio europarra ez denak epe jakin bat duela lurraldea bere borondatez uzteko, eta Frantziak ez du hori betetzen.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 26a
Argazkia: Bidasoko Hitza

Frantziak mugetan migratzaileak legez kanpo kanporatzen dituela ebatzi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Irailaren 21eko ebazpenak dio Frantziak ez duela Europako Itzulera zuzentaraua betetzen. Horren arabera, europarra ez denak epe jakin bat du lurraldea bere borondatez uzteko, nahiz eta EBko herrialdeek barne mugetan kontrolak jar ditzaketen.

Frantziako Estatu Kontseiluak Frantziako zuzenbidera egokitu behar du EBko ebazpena. Hala ere, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak adierazi du kanporatzeak legezkoak direla, etorkin gehienek ez dituztelako betetzen Frantzian egoteko baldintzak.

Era berean, jakinarazi du beste 200 jendarme eta polizia bidaliko dituela Italiako mugara, Lampedusara iritsitako etorkinei ez uzteko Frantziara sartzen. Orain arte, beste 500 Frantziako polizia ere joanak ziren bertara.