argia.eus
INPRIMATU
Zergatik egin dio eraso Frantziak Maliri?
  • Frantziako armadak Maliren kontrako erasoa hasi zuen joan den ostiralean. Interbentzio militarraren zergatia, Jean-Marc Ayrault lehen ministroaren esanetan, "mehatxu terrorista" geldiaraztea da. Baina, zein da erasoaren testuingurua?

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urtarrilaren 14a
Aire erasoak hasi dituzte Rafaleak erabiliz.

Rue89 atarian idatzitako artikuluan, Pascal Riché kazetariak hiru puntutan laburbildu du egoera:

1) Maliko iparraldeko egoera:

"Maliren iparraldea Tuaregek okupatzen dute eta independentzia nahi dute. Haietako batzuk Libiatik etorriak dira Gaddafi erori ostean. Joan den urteko urtarrilean ofentsiba hasi zuten Azawaden Askapenerako Mugimendu Nazionaleko kideek (MNLA)".

Richék azaldu duenez, bi aste baino gutxiago behar izan zuten Maliren iparraldeko gehiengoa eurenganatzeko. MNLAren kideko beste hainbat talde ere agertu dira eta aferak Maliren mugak gainditu ditu. "Talde islamista erradikalak Sahelgo eskualdean geratzeko arriskua dago, Mauritaniatik Nigeriara".

2) Zergatik interbenitu du Frantziak?

Maliko presidentearen eskaerak eragin du interbentzioa Richéren ustez, iparraldeko matxinoen aurrerapena gelditzeko. "Ostegunean Konna hiria hartu zuten eta Mopti (100.000 biztanle) hartzeko arriskua zegoen. Frantziaren laguntzarekin, Maliko armadak Konna berreskuratu du".

3) Zein da krisi horren irteera?

Gatazka mahai gainean dago eta Richék uste du MNLA negoziatzera behartzea dela helburua. Egoerari bi irtenbide posible ikusten dizkio: irtenbide politikoa (Maliko konstituzioa aldatzea eta hauteskundeak egitea ekarriko luke) edo nazioarteko interbentzio militarra (NBEren 2085 erresoluzioak horretarako bidea zabaltzen du, nahiz eta eskatuko lukeen koordinazioak derrigortuko lukeen datorren udazkenera arte itxarotera).