argia.eus
INPRIMATU
Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk
  • Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela Netanyahuk Frantziako Gobernuaren babesa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko azaroaren 28a
Macron eta Netanyahu, 2020an.

Bere aurkako Nazioarteko atxilotze agindua egon arren, Frantziako Gobernuak dio ez lukeela Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu zertan atxilotu behar, Israelek ez duelako Nazioarteko Zigor Auzitegia (NZA) aitortzen. Zeresana eta haserrea sortu ditu azaroaren 27an Frantziako kanpoko aferen ministro Jean-Noël Barrotek plazaraturiko postura diplomatiko horrek, besteak beste, giza eskubideen alde dabiltzan egituren partetik. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek zehazturikoak argitu du kontua: Libanorekin adosturiko su-etena onartzeko Netanyahuk jarritako baldintzen artean zuen Frantziako Gobernuaren babesa. Gorderik atxikitako Israelgo iturri batek eman die baldintza horren berri, eta Israel Hayom komunikabideak ere berretsi egin du informazioa.

Beste behin, Israelekin lerrokatu da Frantziako Gobernua, eta hori izan da ahots kritikoen ondorio nagusia. Postura politiko argia du Parisek: "Frantzia eta Israel lotzen dituen adiskidetasun historikoari segi, eta zuzenbide estatuari eta justizia profesional eta independenteari atxikiak diren bi demokrazia izanik, Frantziak nahi du Netanyahu lehen ministroarekin eta Israelgo gainerako agintariekin lankidetza estuan lanean jarraitu, bakea eta guztientzako segurtasuna lortzeko Ekialde Hurbilean".

Jurisprudentziaren aurka doa Frantziaren babesa

Giza eskubideen alde dabiltzan mundu mailako 188 Gobernuz Kanpoko Erakunde biltzen dituen FIDH  Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak gogorki salatu du Frantziaren postura. Immunitatea bideratu izana juridikoki legearen kontra doala dio federazioak, argi utzirik NZAren oinarrian dagoen Erromako Itunaren 27. artikuluak Netanyahurentzako immunitate aukera oro deuseztatzen duela. Dena dela, immunitatea egonik ere Nazioarteko Zigor Auzitegiak badauka pertsona atxilotu eta epaitzeko betebeharra: "Hain zuzen, hori da NZAren funtsa: immunitateak babesturiko pertsonak epaitu ahal izatea", hainbat juristek ohartarazi dutenari segi. Are gehiago, Erromako Itunaren arabera, nazioarteko auzitegi horrekin "osoki kolaboratzeko" betebeharra du Frantziak.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak azaroaren 21ean, Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin izana egotzirik. Hastapen batean, ebazpena errespetatuko eta beteko zuela jakitera eman zuen Frantziako Gobernuak, eta horrek Netanyahuren kexua piztu zuen. Beste behin, atzera egin eta Israelen ondoan kokatu da Paris.