Europako gaietarako Frantziako estatu idazkariak adierazi du ituna berresteak "frantses herriaren batasunari eta hizkuntzaren erabilera ofizialari" muzin egitea ekarriko lukeela, besteak beste.
Frantziak ez du Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsiko, beste behin. Alsazia Elebiduna federazioak ituna berresteko eskatu zion Emmanuel Macroni otsailean. Abuztuaren amaieran erantzun du Laurence Boone Europako gaietarako Frantziako estatu idazkariak, Frantziako Konstituzio Kontseiluak ebatzi zuena gogora ekarrita. Ebazpenaren arabera, Frantziak Ituna berresteak muzin egitea ekarriko luke "errepublikaren zatiezintasunaren konstituzio-printzipioei, legearen aurreko berdintasunari, frantses herriaren batasunari eta hizkuntzaren erabilera ofizialari".
Hala ere, Boonek adierazi du ituna ez berresteak ez duela eragozten hizkuntza gutxituak irakasten eta sustatzen jarraitzea, "Frantziaren ondare kulturala" direlako.