Frantziako Gobernuak larunbatean adierazi zuen arren konfinamendua arintzen hasitakoan berrogeialdian jarriko dituela bere mugetara kanpotik iritsiko diren herritar guztiak, igandean argitu du neurri horrek ez duela eraginik izanen Europar Batasunatik iritsiko diren jendeengan.
Larunbateko iragarpenak ezinegona sortu zuen jende askoren artean, tartean Euskal Herriko hainbaten artean ere: alarma egoera Frantzian uztailaren 24ra arte luzatuko zela jakinaraztean azaldu baitzuen tarte horretan Frantziako estatura atzerritik etorritako guztiek hamabost eguneko berrogeialdia pasa beharko zutela.
Igandean argitu du posizioa Emmanuel Macronen gobernuak, esanaz Europar Batasunetik, Shengen eremutik edo Erresuma Batutik iritsitako jendeek ez zutela berrogeialdirik nozituko. Hala ere, mugek itxita jarraituko dute eta ondoko egunetan argituko du Parisek zein baldintzatan zeharkatu ahal izango duten frantses nazionalitaterik ez duten herritarrek –tartean Hego Euskal Herrikoek– maiatzaren 11an konfinamendua arinduko dutenean.