Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.
Asteburu garrantzitsua izan da Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren etorkizunari dagokionean: Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Donald Trump AEBetako presidenteak eta JD Vance haren presidenteordeak eztabaida garratza izan zuten ostiralean, Etxe Zurian prentsaren aurrean eginiko agerraldian. Trumpek Zelenskiri "Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean" ari zela leporatu zion, eta gogoratu ez dagoela "erabakiak hartzeko posizioan". Zelenskik alde egin zuen Washingtoni Ukrainako lur arraroak ustiatzea baimenduko liokeen akordioa sinatu gabe.
AEBen eta Ukrainaren arteko harremanaren tentsioa baretzeko asmoz, igandean Londresen elkartu dira Europako hainbat agintari, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Antonio Costa Europako Batasuneko Kontseiluko presidentea eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusia, eta babesa helarazi diote Zelenskiri. Starmerrek iragarri du "Erresuma Batuak, Frantziak eta beste herrialde batzuek gerrari amaiera emateko" plan bat martxan jarriko dutela Ukrainarekin batera. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Le Figaro hedabideari adierazi dioenez, hilabete bat iraungo lukeen "aireko, itsasoko eta energia azpiegituretako" su eten plan bat aurkeztuko diote AEBei.
Europaren segurtasunean "oso une garrantzitsua" dela nabarmendu du Starmerrek bi orduko goi bileraren amaieran. Ukrainari laguntza militarra ematen jarraituko dutela berretsi du –Erresuma Batuak 2,7 bilioi euroko mailegua iragarri berri du–, eta AEBek eta Errusiak abiatu dituzten bake negoziazioetan Ukrainak ere egon behar duela azpimarratu.
Ukrainarako "boluntarioen koalizio" bat
Macronek azken hilabeteetan egin bezala, Starmerrek Ukrainara soldaduak bidaltzeko aukera mahi gainean jarri zuen otsailaren erdialdean eginiko adierazpenetan, "edozein bake akordio" betetzen dela ziurtatzeko. Igandeko goi bileran Europako hainbat agintarik ez dute bat egin Erresuma Batuko lehen ministroaren proposamenarekin, baina honek "boluntarioen koalizio bat" osatzeko asmoa azaldu du: "Nazio guztiek ekarpena ez egiteak ez du esan nahi geldirik egon behar dugunik".