argia.eus
INPRIMATU
Frantziak ekonomikoki bideragarriak diren enpresen itxierak zigortuko ditu
  • Frantziako Nazio Biltzarrak Florange legearen lehen irakurketa onartu zuen atzoko bilkuran. Lege horrekin Gobernuak ekonomikoki bideragarriak izanik haien ateak ixten dituzten lantegiei isunak jarri nahi dizkie.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 02a
François Hollande Florange Hirian 2012ko Otsailean Presidentziarako Hautagaitza Kanpainan

François Hollande Frantziako presidenteak, bere hautagaitza kanpainaren ardatzetako bat izan zuen lege horren sorrera. Sozialistek ekologista eta ezkertiarren laguntza izan dute bozketan. Le Monde egunkariaren arabera, 285 aldeko eta 214 kontrako bozka jasota atera da aurrera proposamena.

Ateak itxi eta langileak kale gorrian utzi baino lehen erosle bat bilatzen saiatzen ez diren enpresa handiak gogor zigortzeko asmoa du lege honek. Horretarako, kaleratutako behargin bakoitzeko Frantziako gutxieneko soldata (1.430 euro) hogei bider ordaindu beharko lukete enpresek.

Enpresari handiak proposamenaren kontra agertu dira inbertsiorako traba bezala ikusten dutelako. Sindikatuei berriz neurria ez zaie nahikoa iruditzen, lege honek enpresa ertain eta txikiak kontuan hartzen ez dituelako; eta finean, mota horretakoak direlako azken urteetan desagertu diren enpresen % 85.