Ariane Lavrilleux kazetariak 2021ean argitaratu zuen informazioaren arabera, Frantziak gutxienez hemeretzi bonbardaketatan hartu zuen parte 2016-2018 urteen artean Egipto eta Libia arteko mugan. Kazetariaren etxea miatu eta atxilotu egin du Poliziak, galdeketa egiteko. Baldintzapean aske utzi du ondoren.
Zibilak hiltzeko Egiptok Frantziaren laguntza izan zuela zioen txosten baten edukia argitaratzeagatik atxilotu dute Lavrilleux. Poliziak kazetariaren etxea miatu du asteartean, eta 39 orduz izan dute atxilo. Frantziako inteligentzia zerbitzuko poliziek galdeketa egin ondoren, baldintzapean aske utzi dute.
Lavrilleux atxilotzeko arrazoia 2021ean Disclose webgunean argitaratu zuen txostena da. Ikerketa kazetaritza egiten du Frantziako webguneak. Txostenak zioen Frantzia gutxienez zibilen aurkako hemeretzi bonbardaketetan egon dela inplikatuta. Bonbardaketa horietan kontrabandistak hil zituzten Egipto eta Libiaren arteko mugan, 2016 eta 2018 urteen artean.
Dokumentu sekretuak
Disclosek azaldu du ehunka dokumentu konfidentzialetan oinarritu zela ikerketa egiteko. Hedabideak bazekien txostena argitaratzeak nolako arriskua zekarren, publikatzean ohartarazi baitzuen legea urratu zezakeela. Adierazi zuen txostenak segurtasun nazionaleko sekretuak zituela, baina "informazio eskubidearen izenean" partekatuko zuela. Horrela izan da: Lavrilleuxek segurtasun nazionala kolokan jarri ote zuen erabakitzeko Poliziak zabaldu duen ikerketaren harira atxilotu dute kazetaria, bere abokatuak azaldu duenez.
Katia Roux Amnistia Internazionaleko kidea atxiloketaren aurrean kezkatuta agertu da. "Kazetari bat atxilotzea, bere lana egiteagatik eta interes publikoko informazioa jakinarazteagatik, prentsa-askatasunaren eta iturrien konfidentzialtasunaren aurkako mehatxua izan liteke".