argia.eus
INPRIMATU
Frantziak DPS estatusa kendu die zazpi euskal presori
  • Ipar Euskal Herriko presoekiko ordezkaritza pozik agertu da eta lehen pauso gisa definitu du Frantziaren erabakia. Beste batzuk eman daitezen Parisko mobilizazioa mugarri izango dela uste dute ordezkaritzako kideek.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 14a

Bereziki zainduriko preso estatusa (DPS) kendu diete Frantziako espetxeetan dauden zazpi euskal presori: Jon Salaberria (Alençon Condé sur Sarthe), Didier Agerre (Lannezeman), Ibon Fernandez Iradi (Lannemezan), Itziar Plaza Fernandez (Réau), Jon Bienzobas Arretxe (Saint Maur), Zigor Garro Perez (Saint Maur) eta Asier Borrero Toribio (Poissy).

Abenduaren 9rako, Parisen euskal presoen eskubideen alde sekula egin den mobilizaziorik handiena antolatzen ari dira Bakegileak. Herriz herri autobusak antolatu dituzte, eta bi tren ere alokatu dituzte Parisera joateko. Trenean izena emateko aukera itxi dute dagoeneko, jada 2.000 lagunek eman baitute izena eta beraz beteta baitaude.

Frantziako espetxe bira

Azaroaren 16tik abenduaren 9ra, Frantziako Estatuko espetxe bira bat antolatu dute, Bagoaz, Sare eta Etxeratek. Euskal presoak dauden hogei espetxeetatik pasako dira eta zortzi hiri ere zeharkatuko dituzte: Toulouse, Marseille, Lyon, Poitiers, Nantes, Rennes, Lille eta Paris. Hiri horietan, bertako eragile, hautetsi, prentsa eta herritarrei bake prozesua eta presoen egoera azaldu nahi dizkiete.