argia.eus
INPRIMATU
Frantziak Calaisko kanpamentuaren hegoaldea hutsarazi du, istilu artean
  • Errefuxiatuen babesleku den Calaisko kanpamentuaren hegoaldea hutsarazi zuen Frantziako Gobernuak astelehenean. Epaileek otsailaren 25ean eman zuten horretarako baimena, errefuxiatuek babeslekua uzteari uko egin ostean. Istiluak izan ziren iheslari eta poliziaren artean.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 01
Poliziak negar gasa erabili zuen kanpamentua hutsarazteko. (Arg: Carl Court/Getty Images)

Gobernuak enpresa pribatu bateko langileak bidali zituen esparrua hutsaraztera, 100 polizia ingururekin batera. 9:00etan hasi zen operazioa. Errefuxiatuek uko egin zioten beren babeslekua uzteari eta istiluak piztu ziren. Poliziak negar gasa erabili zuen 3.000 errefuxiatu inguru bizi diren eremuan.

Babesleku erdia hutsarazi nahi du Frantziak. Gobernuko ordezkaritzaren arabera 800 eta 1.000 errefuxiatu bitartean bizi dira eremu horretan; 3.450 dira, laguntza humanitarioko elkarteen esanetan. Iheslari askok babesleku hori darabilte Ingalaterrara igarobide modura eta errefuxiatuek Frantzian duten kanpamentu handiena bilakatu da; 3.000 eta 7.000 iheslari inguru bizi izan dira bertan.

Eliseoak adierazi du konponbidea baduela kanpamentutik bota dituen iheslarientzat eta beste bizileku bat eskainiko diela. Hala ere, errefuxiatuen alde jarduten duten taldeek salatu dute Frantziak ez duela Calaistik irtenarazten dituen errefuxiatuentzat espaziorik aurreikusi.