argia.eus
INPRIMATU
Europako estatuak atzerriko herritarrak Nigerretik ateratzeko operazioak jarri dituzte martxan
  • Segurtasun Ministerioaren esanetan, Mohamed Bazoum presidentea kargutik bota zutenetik, “segurtasuna erabat okertu” da. Operazioa errepikatzeko gomendatu die gainontzeko Europako herrialdeei. Espainiako Gobernua 70 lagun ebakuatzeko lanetan hasi da.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 03a

Frantziako Atzerri Ministerioak asteartean baieztatu du Nigertik (Afrikatik) herritarrak ateratzeko operazioa. Guztira 500-600 inguru direla azaldu du Berriak. Kontrolatu ezin duten egoera delako gainontzeko Europako herrialdeek ere bide berbera jarraitu dute, hala nola Espainiako Gobernua 70 lagun ebakuatzeko lanetan hasi da, Alemaniak bertako herritarrei alde egitea gomendatu du eta Italiak hegazkinak bidaliko dituela ziurtatu.

Dena dela, Frantziako Gobernuaren ebakuazio operazioak ez ditu barnebiltzen bertan dauden 1.500 militarrak. Haiek bertan jarraituko dute, jihadismoaren “aurka borrokatzeko” eta uranio erauzketaren “interes indartsuak babesteko” asmoz.

Estatu kolpea gaitzetsi dute

Hainbat eta hainbat erakunde eta gobernuk gaitzetsi dute dagoeneko estatu kolpea. Nazio Batuen Erakundeko ordezkari Leonardo Santosek “segurtasuna zaildu” duela azaldu zuen. Bide beretik, erakundeak harremanak eten ditu Nigerrekin, eta ohartarazi zuen “neurri gehigarriak” hartuko dituela. Esaterako, Ecowasek zigor ekonomikoak ezarri dizkio, Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko herrialdeen arteko aireko eta lurreko mugak itxiz.