Nicolas Hulot Frantziako Ekologia ministroak iragarri du hamazazpi erreaktore nuklear itxiko dituztela 2025 baino lehen. Aurkeztu duen bost urterako klima planaren barruan aurreikusten da neurria.
Pasa den ekainean, G7aren bileraren ostean, agertu zuen Hulotek jatorri nuklearreko energiaren kontsumoa %75etik %50era jaisteko borondatea. Ostegunean aurkeztu zuen plan zehatza eta bost puntuetako bat da erreaktore nuklearrei dagokiona.
Kontsumo maila jaitsi eta produkzioa dibertsifikatzeko helburuaren barruan hamazazpi erreaktore ixtea aurreikusi dute, baina kasuz kasu aztertu beharko da ea bideragarria den.
Erregai fosilen bitartez elektrizitatea ekoizteari utzi nahi diote halaber, eta horretarako 2030erako berriztagarriak %32 hazteko asmoa iragarri dute.
Planaren barruan bestelako hainbat neurri aurkeztu dituzte, adibidez, 2040 urterako gasolina edo dieselarekin funtzionatzen duten autoak saltzea debekatzea.
Frantziako Estatua da munduan erreaktore nuklear gehien dituen herrialdea, AEBen ondotik; 58 dira hain zuzen, egun zabalik daudenak.