argia.eus
INPRIMATU
Frantziak zigortu egin ditu Google eta Amazon, erabiltzaileen baimenik gabe ‘cookieak’ instalatzeagatik
  • Frantziako Datuak Babesteko Legearen 82. Artikulua ez betetzearen ondorioz eta cookie-n politika urratzea leporatuta ezarri dizkiete isunak.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 10a

Informatikaren eta Askatasunaren Frantziako Batzorde Nazionalak (CNIL) 100 milioi euroko isuna jarri dio Googleri eta 35 milloi eurokoa Amazoni, ostegunean jakinarazi duenez. Isunen arrazoia cookiei buruzko legedia ez betetzea da eta interneteko bi konpainia erraldoi estatubatuarrei eskatu die euren praktikak aldatzeko, zigor berrien mehatxupean.

Frantziako Informatikaren eta Askatasunaren Batzorde Nazionalak "datuak Babesteko Legearen 82. artikulua ez betetzearen larritasunagatik" justifikatu ditu jarritako zigorrak.

CNILen leporatu die pertsonen bizitza pribatu digitala urratuzea. "Erabiltzaileei buruzko informazio ugari biltzen dute, haien baimenik gabe, ondoren publizitate pertsonalizatua proposatu ahal izateko", ohartarazi du batzordeak. Erakundeak azpimarratu duenez, erabiltzaileek jasotako abisuek ez dute lehio horien helburuei buruzko bestelako informazioarik jasotzen, eta gehitu dute erabiltzaileei ez zaiela errazten lehioak desaktibatzeko modua. 

Isunarekin batera, eginbehar bat ere zedatu dio CNILek bi konpainiei: hiru hilabeteko epean informazio abisuak aldatzeko. Halakorik egin ezean, 100.000 euroko isun gehigarria jarriko die epe hori amaitu ondorengo egun bakoitzeko.

Ez da honelako zerbait gertatzen den lehen aldia. 2019ko urtarrilean, CNILek 50 milioi euroko isuna jarri zion Google konpainiari gardentasun faltagatik, informazio okerragatik eta publizitate pertsonalizatuaren baimenik ez emateagatik.