argia.eus
INPRIMATU
Frantzia kondenatu du Estrasburgok, DNA proba egitera ukatu zen laboraria zigortzeagatik
  • Euskal Herriko Laborarien Elkarteak 2008an antolatutako protesta batzuen ondotik atxilotu eta zigortu zuten Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) Jean-Mixel Aizager. Hilabete batzuen buruan DNA proba egiteko agindu zuen prokuradoreak eta laborariak uko egin zion honi. 500 euroko isuna jarri zioten, eta Aizagerrek Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen salaketa jartzera.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 23a
Jean-Mixel Aizager 2009an auzitegiko atarian (argazkia: kazeta.eus).

3.000 euro ordaindu beharko dizkio Frantziak Aizagerri kalteordain gisa, eta beste 3.000 auziaren gastuengatik.

Laborariak argudiatzen zuen bizitza pribatuaren urraketa zela DNA proba hori egiteko agintzea, Frantziako DNA datu-basetik ezin baitira fitxategiak 40 urtez ezabatu kondenatutako pertsonen kasuan, eta 20 urtez susmagarrienean. Estrasburgok arrazoia eman dio, eta adierazi du bizitza pribatuaren urraketa "neurrigabea" dela.