argia.eus
INPRIMATU
Frantzia eta Italia arteko muga migratzaileentzat: kontrol arrazistak, irregulartasunak eta itzultzeak
  • 94.000 migratzaile inguru heldu dira Italiara 2023. urte hasieratik. Medicos Sin Fronterasen arabera, 13.300 pertsona itzuli edo atxikitu dituzte mugan: egunero 80 pertsona inguru. Immigrazio politiketan irregulartasunak eta “kontrol arrazistak” salatu dituzte hainbat adituk.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 21
Ventimigliako (Italiako) irudia. Ventimigliako (Italiako) irudia.

Guztira 94.000 migratzaile iritsi dira Italiara 2023. urtea hasi zenetik, gehiengoa mediterraneotik. Hainbatek, ordea, arrazoi ezberdinak medio, hizkuntza adibidez, bertan ez geratzea erabakitzen dute, eta beste herrialde batzuetara joaten saiatzen dira. Ventimiglia (Italia) Frantziako Estatuarekin muga egiten duen herrietako bat, eta Medicos Sin Fronterasek (MSF) jokabide “diskriminatzailea” salatu du.

Frantziako fiskaltzak argitaratutako datuen arabera, 2023ko urtarrila eta ekaina bitarte 13.300 pertsona izan dira itzuliak edo atxikituak: egunero 80 pertsona inguru, aurreko urtean baina %30 gehiago.

Merkantzien edukiontzietan sartzen dituzte maiz migratzaileak: arratsaldean atxikitzen dituzte, gaua bertan igarotzen dute eta hurrengo egunean kanporatu egiten dituzte

Ventimiglia jendez betetako eta mugimendu handiko herria dela azaldu du El Diario hedabideak elkarrizketatu duen Silvia Mancinik, Medicos Sin Fronteras Italiako bozeramaileak. Sarri “geldialdiak” sortzen direla argitu du. MSFren ospitale mugikorrak otsaila eta ekaina bitarte 320 pertsona artatu ditu eta horietatik 215 gaixotasun larriekin.

Irregulartasunak

Frantziako Estatuan irregulartasunak gertatzen ari direla salatu du Mancinik; esaterako, itzultzaile eta bitartekari falta dagoela dio. Ondorioz, migratzaileen eta agenteen arteko komunikazio falta nabarmena dela azpimarratu du. “Migratzaileek ez dakite zergatik itzultzen dituzten, eta agenteek ez dakite zer esaten duten migratzaileek”, gehitu du.

Gainera, nazioarteko tratatuak sahiesteko teknikak erabiltzen direla salatu du; adibidez, adingabeak direnak adin nagusikoak direla esatea, horri esker, babes neurri gutxiago baitituzte.

Itzultzeak

Migratzaileak lehen zeuden tokira modu sistematikoan itzultzen direla azaldu du Silvia Mancinik. Haren esanetan, pertsona bakoitzaren egoerari “muzin” egiten zaio guztiak zaku berean sartuta, eta ondorioz “nazioarteko babesa urratzen” da.

“Haurdun dauden emakumeak, adin nagusikoak, adingabeak eta gurasorik gabeko adingabeak itzultzen dituzte, nahiz eta nazioarteko tratatuek aurkakoa esan”.

Frantziako egoera ere antzekoa da: “Haurdun dauden emakumeak, adin nagusikoak, adingabeak eta gurasorik gabeko adingabeak itzultzen dituzte, nahiz eta nazioarteko tratatuek aurkakoa esan”.

Gainera, merkantzien edukiontzietan sartzen dituzte maiz migratzaileak, zeinek erabiltzen dituzten ordu batzuk bertan edukitzeko: arratsaldean atxikitzen dituzte, gaua bertan igarotzen dute eta hurrengo egunean kanporatu egiten dituzte.

Tratu arrazista

Frantziak immigrazio politikan aldaketa batzuk egin zituen 2015ean, azaroan 130 hildako eragin zituen atentatuaren ondorioz. Urte batzuk igarota, gaur egun, mugen kontrola modu sistematikoan ematen dela dio Anna Branbilla abokatuak –Euskal Herrian ere Bidasoako mugan eta beste igarobideetan egunero ikus dezakegu hori–

Neurri sistematiko horiek, ordea, erabat diskriminatzaileak direla azaldu du: “Mugen kontrola etniaren araberakoa da; hau da, pertsona arrazializatu batek mugak zeharkatzen baditu automatikoki gelditzen du Poliziak”.