1937ko neguan frankistek ehunka zibil deserriratu zituzten Gipuzkoan eta Bizkaian, senideren bat Errepublikaren kontrolpeko lurretan izategatik. Zumaia, Ondarroa eta Mutriku izan ziren herririk kaltetuenak. Zumaian omendu zituzten asteburuan.
1936ko kolpearen ondoren, irailean bertan, Gipuzkoako parterik handiena frankisten esku geratu zen. Hurrengo neguan hainbat herritako ia 1.000 zibil euren herria uztera behartu zituzten, gehienak emakumeak eta haurrak. Batzuk ez ziren sekula itzuli, gerora jakin izan denez. Lekeitiora joatera behartu zituzten eta fronteko lerroa oinez zeharkatu zuten. Garai hartako lehendakari Jose Antonio Agirrek zibilen kanporaketak gizatasunaren aurkakoak zirela salatu zuen.
Orain, 80 urte geroago, kanporatutako zibilak omendu dituzte eta erakunde aitortza eskaini diete Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako zenbait udalek. Monolito bat ere ipini dute hauen omenean. Zumaiak jasandako errepresioaren ondorioz herritar askok “haien bizimodua, elkarbizitza, zoriona eta etorkizuna atzean utzi behar izan zutela” gogorarazi du Oier Korta Zumaiako alkateak eta hauen “kemena” goraipatu du. “Oroimena lantzea gertatutakoa ez errepikatzeko bermerik onena" dela ziurtatu du Markel Olano Ahaldun Nagusiak. Omenaldia eta monolitoa “herriaren memoriaren mugarri fisiko eta materialak” direla adierazi du, “gertakariak ahanzturaren atzaparretatik babestuko dituztenak”.
“Beldurra eguneroko ogia zen”
Jexux Etxabe zumaiarra deserriratutako zibiletako bat izan zen eta Baleike.eus-ekin partekatu ditu egun horietako oroitzapenak. Herritik eraman eta Ondarroan utzi zituztela oroitu du, eta handik Lekeitora oinez heldu zirela: “Lurrean laga gintuzten eta hor konpon, ahal duzuena egin. Kaminoz kamino heldu ginen, bideak eta puskatuta zeuden bonbardaketen eraginez, eta zulo haietan gaizki ibiltzen ginen”. Lekeitiotik Bilbora lekualdatu zituzten, eta han Gernikako bonbardaketaren lekuko izan ziren: “Sekulako triskantza egin zuten, sua behetik gora igotzen zen”. Beldurra “eguneroko ogia” zela adierazi du.
Dena galduta zutela ikusi zutenean, herrira itzultzea erabaki zuten. “Zumaia hutsik zegoen eta beldurra zen nagusi”, gogoratu du. Gernikan bizitakoaz, zein beste pasarte batzuetaz, isiltasuna gorde behar izan zutela kontatu du.
Baleike.eus-en eta Ondarroako Histoaria Zaleak taldearen argazkiak: