Maiatzaren 18an Frankismoko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarra Euskal Herrira etorriko da, duela lau urtetik irekita dagoen prozedura judizialerako baliagarri izango zaion informazioaren bila.
Frankismoko zenbait biktima elkarrizketatuko ditu eta Argentinako epaiketa prozesuan kereila ezarri duten zenbait pertsonarekin ere bilduko dela adierazi du Argentinako Kereilaren Aldeko Estatuko Koordinakundeak (CEAQUA).
Adinagatik edo egoera ekonomikoagatik Buenos Airesera bidaiatu ezin duen eta Argentinako kontsulatuetara jotzerik ez duen jendearekin bilduko da Servini, Koordinakundeak jakinarazi duenez.
Bestalde, epaiketarako lagungarri izango diren frogak eta dokumentazioa eskuratu nahi dituela adierazi du epaileak. Horretarako Espainiako Estatuko erakunde eta artxibategietan krimen frankistei buruzko informazioa eskatuko duela jakinarazi du, eta instituzio desberdinetako ordezkariekin ere bilduko da.
Euskal Herrian hasiko du bidaia, Andaluziara joango da ondoren, eta hilaren 30ean Madrilen amaituko du bisita.