argia.eus
INPRIMATU
Frankismoko krimenak ikertzeko Elgetako Udalaren kereila atzera bota du Jacobo Calzon epaileak
  • Hasiera batean, Elgetako Udalak jarritako kereila bere egin zuen Bergarako laugarren epaitegiko ordezko epaileak, orain ordea, atzera bota dute erabaki hura.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 09a
Artxiboko irudi bat.

Hugo Jacobo Calzon epaileak egun gutxi behar izan zituen, Beragarako laugarren epaitegiko ordezko epaile Maider Imaz Mendizabalek hartutako erabakia bertan behera uzteko. Iragan abenduan, Bergarako epaitegiak ontzat eman zuen Elgetako Udalak, frankismoko krimenak ikertzeko ezarritako kereila. Hamar egunen buruan ordea, erabaki hori indargabetu zuen Hugo Jacobo epaileak, erabakiaren berri astelehen honetan izan badugu ere.

Frakismoko krimenak ikertzeko kereila indargabetzeko argudioak, ez dira orain arte Espainiako Justiziak erabili dituenetik desberdinak. Amnistiaren legea edota salatutako krimenak jada preskribatuta daudela dira, beste batzuen artean.

2017ko urrian lege proposamen bat aurkeztu zuten Espainiako parlamentuan auzi honi lotuta ondorengo alderdiek: Podemos, Compromis, En Comú Podem, EH Bildu, EAJ, ERC, En Marea eta PDeCAT. Gizateriaren aurkako krimenak epaitu ahal izateko Amnistiaren legea aldatzea zuen helburu proposamenak.

PSOEk hasiera batean testuaren aldeko jarrera adierazi bazuen ere, azkenean aurka bozkatu zuen. Gauzak horrela, gaur gaurkoz Elgetako herritarrek jasandako krimenek, epaituak izan gabe jarraituko dute.