argia.eus
INPRIMATU
Frankismoari gorazarre egitea delitu bihurtuko du Espainiako Gobernuak
  • Zigor Kodearen erreforma berriak frankismoari edozein motatako gorazarre egitea zigortuko duela adierazi du Adriana Lastra Espainiako Gobernuko bozeramaleak. Orain arte leku publikoetara mugatzen zen debekua, baina gobernua eratzeko Podemos alderdiarekin sinatutako akordioko baldintzetako bat zen debeku osoa ezartzea.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 29a
Adriana Lastra Espainiako Gobernuko bozeramalea. Argazkia: Marca.

“Demokrazia garaian ez zaie omenaldirik egiten diktadoreei eta tiranoei”, adierazi du Lastrak, Zigor Kodearen erreformari buruz. Oraindik zirriborrorik ikusi ez duela adierazi du, baina erreformak debeku hori bere gain hartuko duela aurreratu du. Debekuari jarraiki, hobi komunetako gorpuak aterako dituztela eta sinbologia frankista leku publikoetatik kenduko dutela gehitu du.

Zigor Kodearen erreformak beste zenbait neurri ere ekarriko du; sexu harremanetan, baimen argia ez duten kasuetan sexu-abusu delitua erabiliko da, eta sedizio delituengatik zigorrak jaistea, besteak beste. Azken hori, sedizio delituen zigorrak jaistearena, ez zen Alderdi Sozialistaren programan joan, baina Europako gainontzeko herrialdeetako Zigor Kodeen mailara heltzeko "ezinbestekoa" zela adierazi zuen Carmen Calvo Espainiako lehen presidente ordeak. Neurri horrek zuzenean eragingo die kartzelan dauden preso politiko kataluniarrei.