argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren kontrako erresistentzia sarea antolatu zuen Luis Alava buruzagi abertzalea omenduko dute
  • Maiatzaren 5ean egingo dute Luis Alava Sautu omentzeko ekitaldia, Gasteizen. Duela 75 urte fusilatu zuten, Madrilen, Francoren kontrako erresistentziako Araba Sareko antolatzaile zena.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko apirilaren 26a
Araba Sareko buruzagia izan zen Alava Sautu. Ezkerretik hasita, hirugarrena da. (arg: Alea / AFA

Hego Euskal Herriko 50 bat lagunek parte hartu zuten faxismoaren aurkako erakunde klandestino horretan, presoei eta iheslariei laguntza ematen, eta Bigarren Mundu Gerran aliatuen aldeko espioitza lanak egiten. 1940an erori zen sarea, alemaniarrek Frantzia okupatu zutenean. Orduan, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen ordezkaritzara sartu ziren Alemaniako eta Espainiako poliziak, eta modu horretan eskuratu zuten sareari buruzko informazioa.

1890ean Gasteizen jaioa, ingeniari agronomoa eta kimikaria zen Alava Sautu. 1936an Francoren aldeko tropak matxinatu zirenean, Gasteizko EAJren Udal Batzarreko burua zen. Haren abizena zeraman sarea erori zenean atxilotu zuten Alava Sautu. 1943ko maiatzaren 6an exekutatu zuten Madrilen buruzagi abertzalea, eta sareko beste 19 kideri espetxe zigor luzeak ezarri zizkieten.

Goizeko hamarretan abiatuko dute omenaldia Senda ibilbidean, Zulueta Jauregiaren parean. Bertan plaka bat jarriko dute. Horrez gain, erakusketa eta dokumentala zabalduko dute, euskal presoekiko eta aliatuen aldeko sarea osatu zuten emakumeen lana gogoratuz. Izan ere, bereziki emakumezkoak izan ziren sarea osatu zutenak.

Eskuinetik hasita bigarrena, Bittori Etxeberria, elkartasun sarearen sortzaile eta sustatzailea. Harekin, ezker-eskuin, Tere Verdes, Delia Lauroba eta Itziar Mujika, sarearen kolaboratzaile nagusiak. Atxilotuak izan aurreko argazkia da honakoa.(arg: Sabino Arana Fundazioa)

Frankismoaren biktimen senideak izango dira omenaldian. Arlo instituzionalari dagokionean, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro Gonzalez  diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak parte hartuko dute.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.