Frankismo garaiko krimenak epaitzeko auzia ireki zuten Argentinan, eta egunotan biktimek euren lekukotasuna egin behar zuten bideokonferentzia bidez Argentinako kontsulatuan. Espainiako Atzerri Ministerioak egin duen presioaren ondorioz, deklarazioak bertan behera geratu dira momentuz.
Biktimen lekukotasunak ez du errespetatzen “estradizio eta zigor kontuetarako epaile laguntza tratatua”, Ministerioak Argentinako enbaxadoreari bidali dion gutunean jakinarazi dionez. Espainiako Gobernuaren ustez, Argentinak erreguzko mandatuaren bitartez eskaera egin behar du bideokonferentziak egin ahal izateko.
Kontsulatuan sartzear zeudela esan diete biktimei ezin izango zutela Maria Servini epailearen aurrean hitz egin. Hasiera batean, ‘arazo teknikoak’ zirela eta, baina azkenean jakin dute atzerapena Jose Manuel Garcia-Margallok zuzentzen duen Ministerioaren presioak eragina zela.
Ministerioaren argudioak “umekeria” direla adierazi dio biktimen abokatu Carlos Slepoyk Publicori. Bere ustez, Argentinak ez dio Espainiari zertan ezer komunikatu. Halaber, azpimarratu du kontsulatua ofizialki Argentinar lurraldea dela, eta beraz, testigantzak herrialdetik bertatik egin behar zirela. Hau da, Ministerioak ez duela zeresanik.
Dena den, Slepoyentzat larriena Espainiak “kontu hau gatazka diplomatikoa balitz bezala aurkeztea” da eta Argentinako enbaxadoreak presioari men egitea.
Prozesuak aurrera jarraituz gero, eta auziperatu nahi dituzten frankismo garaiko epaile, ministro eta torturatzaileen estradizioa eskatzen bada Espainiak “aitzakiarik izango ez duela” adierazi du Slepoyk. Izan ere, “hor bai, bi herrialdeen arteko tratatua bete beharko da, erreguzko mandatuaren bidez”.
Momentuz, testigantzak galarazi badituzte ere, ez da luzerako izango. Abokatuak jakinarazi du hilabete amaieran Argentinara joango direla, eta han Espainiako Gobernuak ezin izango duela ezer ekidin.