Frankismoaren biktimek hitz egingo dute gaur diktaduraren krimenen kontra egiten den lehen auzian, Argentinan. Maria Servinik epaituko duen auzia 2010ean ireki zen, justizia unibertsala argudiatuz, Espainian antzeko prozesurik ez baita inoiz eman.
Genozidio edota humanitate eskaseko krimenak egozten zaizkie bizirik dirauten frankismoaren hainbat karguri. Besteak beste, epaituak izango dira Rodolfo Martin Villa, Jose Utrera Molina eta Fernando Suarez Gonzalez, diktadura garaiko goi karguak.
Gaur hasi eta maiatzaren 16ra bitartean hainbat biktimek hitz egingo dute epailearen aurrean. Deklaratuko dutenen artean daude Merçona Puig Antich, Salvador Puig Antich anarkistaren arreba eta 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskian begia eta ikusmena galdu zuen Andoni Txasko Diaz, beste hamar biktimarekin batera.
Biktimak elkartzen dituen kereilaren aldeko Aqua Sareak esan du garrantzi handia duela haientzat Buenos Airesen irekitako prozesuak. Nabarmendu dute gertatutakoa justiziaren aurrean kontatzeko 37 urte itxaron eta bidean traba asko izan dituztela. Argentinan auzia aurkeztu eta hiru urtera hitz egingo dutela azpimarratu du Carlos Slepoy abokatuak.
Bideokonferentzia bidez, biktimek duela bi aste deklaratu behar zuten Madrilgo kontsulatuan, baina ‘akats burokratikoak’ direla eta, gaur arte atzeratu da.