argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren biktimen gutuna NBEri: “Inpunitateak amaitu behar du”
  • Giza eskubideen aldeko elkarteak eta frankismoaren biktimak Nazio Batuen Erakundearengana zuzendu dira, salatzeko Espainiako Estatua oraindik inpunitateak jarraitzen duela eta ikerketa judizialik ez dela egin 1936ko eta horren osteko diktadurako krimenak argitu eta erreparatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko apirilaren 29a
Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean hainbat kolektibok elkarretaratzea egin zuten larunbatean, Oroimen Demokratikoaren Legeak krimenak \"epaitzea\" ahalbidetu dezala eskatzeko (arg.: @SF78gogoan)

"Espainiako Estatuak konpromiso osoa hartu behar du Gerra Zibilean eta frankismoan giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten biktimen egia, justizia eta erreparazioa errespetatu, babestu eta bermatzeko", hala adierazi die Amnistia Internazionala, Rights International Spain, Women's Link Worldwide eta CEAQUA elkarteek Nazio Batuen Erakundeari (NBE), salatzeko krimen horiek inpunitateak jarraitzen dutela

Elkarte horiek Derrigorrezko Desagertzeen Batzordeari eta Egia, Justizia eta Erreparazioko errelatoreari gutuna bidali diote, hauek ari baitira jarraipena egiten, ea Espainiako Estatua bere betebeharrekin konplitzen ari den eremu horietan. Salatu dute ikerketa judizialik oraindik ez dela habian jarri eta horrek eragozten duela biktimen erreparazioa eta egia jakitea, besteak beste.

Espainiako Estatuan oroimen historikoari buruzko lege berria ari dira egiten, Oroimen Demokratikoaren Legea, eta elkarteon ustez testu berriak ekarpen baliotsuak egiten baditu ere, hutsuneak nabarmenak dira. Esaterako, ez du aurreikusten "egiaren sustapena ikerketa judizialen bidez egitea", eta ez du urrats irmorik ematen Auzitegi Gorenak, Konstituzio Auzitegiak eta antzeko aparatuek etengabe jarritako oztopoen aurrean ikerketa horiek aurrera eramateko. Genero ikuspegian eta adierazpen askatasunaren arloan ere hankamotz geratuko da lege hori, biktimen esanetan.

40 urteren ondoren, "ezinbesteko" jotzen dute Espainiako Estatuak aitortzea giza eskubideen urraketa larriak jasan zituztenek eskubidea dutela babes judizial bat izateko.

Krimenak epaitu

Hain justu, berrikitan Euskal Herriko hainbat kolektibok ere adierazpena sinatu zuten, Espainiako Estatuko lege berri horrek baimendu dezan "Diktadura garaiko eta Trantsizioko giza eskubideen urraketak epaitzea". Helburu horrekin, pasa den apirilaren 24an Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten.