argia.eus
INPRIMATU
Frankismoaren biktimek Europan bilatuko dute babesa
  • Frankismoko biktimen senide eta elkarteek Bruselan aurkeztu dituzte Francoren erregimeneko krimenen aurkako salaketak.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 05
Egiaren Batzordea "Europak frankismoaren biktimekiko erantzukizuna duela esatera gatoz, ezin du beste alde batera begiratu" (Arg: http://comisionverdadfranquismo.com/)

Egiaren Batzordea eratzeko plataformak Espainiako Gobernuaren jarrera Europako Parlamentuan ikusarazi nahi du, Bruselak bere jarrera publikoki agertu dezan.

Egia, justizia eta ordaina dira plataformaren eskaerak. Europako Parlamentuak Egiaren Batzordea osatzeari babesa erakutsi diezaion nahi du Bruselaraino hurbildu den delegazioak, eta horretarako Nazio Batuen Erakundeak osatutako hiru txosten daramatzate froga gisa.

Txosten horiek Espainiako Gobernua akuilatzen dute frankistentzako amnistia legea indargabetu dezan eta biktimei ordain ekonomikoa eman diezaien.

Parlamentuko hainbat talde eta eurodiputaturekin bilduko dira gaur Egiaren aldeko taldekoak eta Europan frankismoaren biktimentzako egia, justizia eta ordainaren bila programa aurkeztuko diete.

Biktimek parlamentuaren %50a baino babes handiagoa lortzen badute, Espainiako Gobernuak saihesterik izango ez duen prozesua abian jarriko da.

Gerra garaian eta frankismoan desagertutako pertsonen kasuez gain lapurtutako haurren kasuak ere aurkeztuko dituzte. Estatu kolpeaz geroztik 77 urte pasa diren arren egun oraindik “frankismoan gertatutako basakeriek ezkutuan jarraitzen dutela” salatzeko.