argia.eus
INPRIMATU
Frankismoan preso egondako emakumeak omendu dituzte Gasteizen
  • Bigarren Memoriagunea inauguratu du Gasteizko Udalak, Sagrado Corazon ikastetxearen aurrean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko martxoaren 02a
Frankismoan preso egon ziren emakumeak omendu dituzte, Sagrado Corazon aurrean jarri duten monolitoarekin. Argazkia: Alea

Bigarren Memoriagunea inauguratu dute Gasteizen. Aurreko astean, Santa Isabel hilerrian izan zen, eta gaur, berriz, garai batean Sagrado Corazon ikastetxean kokatuta zegoen kartzela frankistan preso egon ziren emakumeak gogora ekarri dituzte. Hala, Manuel Iradier eta Foru kaleen arteko bidegurutzean monolitoa inauguratu dute, gerra garaian eta frankismoan atxilotu eta preso egon ziren emakumeen omenez.

Bertan izan dira Gorka Urtaran alkatea, udal taldeetako ordezkariak eta zenbait herritar, tartean, Maruja Ruiz Fernandez, kartzela hartan preso egon zen emakume baten (Columba Fernandez) alaba. Aita ere Bake kaleko kartzelan egon zen preso, eta fusilatu egin zuten. Marujak eskertu du ekitaldi hau: "Berandu xamar egin arren, oso pozik nago".

Alkateak azpimarratu duenez, "emakumeen kasuan errepresioa bikoitza izan zen. Batetik, errepresio ideologikoa, altxamenduari eta errepresio frankistari kontra egiteagatik; bestetik, genero errepresioa, bizitza publikoan onartzen ez zitzaien rola bete izateagatik".

Datozen asteetan, beste memoriaguneak inauguratuko ditu Udalak.

Albiste hau Arabako Aleak zabaldu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.