argia.eus
INPRIMATU
Frankismoan Bilbo Handiko emakumeek jasan zuten errepresioa ikertu dute
  • Elkasko ikerketa historikorako elkarteak txostena egin du, Bilbo Handiko emakumeen frankismo garaiko bizipenak biltzen dituena. 1914 eta 1963 bitartean jaiotako 21 pertsonaren adierazpenetan oinarritu dira, gehienak emakumeak.

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 26a
Testigantzek diotenez, guardiekin oheratu nahi ez zuten emakumeak fusilatu egiten zituzten. (Arg: Elkasko)

“Errepresioa orokorrean asko aztertu izan da, baina emakumeengan izandako inpaktua ez da hain ezaguna”, azaldu du Belen Solék, txostenaren egileetako batek Público.es-en. “Bereziki emakumeari zuzendutako errepresio ereduak zeuden, eta bizipenak ezberdinak dira gizonezkoenekin alderatuz”.

Emakumeen bortxaketak ohikoak ziren atxiloketa zentroetako galdeketetan eta tropa frankisten okupazioetan. Testigantzek diotenez, guardiekin oheratu nahi ez zuten emakumeak fusilatu egiten zituzten.

“Herritarrak menpean hartzen zituzten beldurraren eta lotsaren bitartez”, azaldu du Solék. Iraganeko bortxaketak ikertzea zaila dela dio, “zigorgabetasun” testuinguru hartan salaketa gutxi egiten zituztelako. “Emakumeei egozten zitzaien erruduntasuna eta sinesgarritasun eza medio, biktimek eta familiek isiltzea erabakitzen zuten”.

Era más la miseria que el miedo. Mujeres y franquismo en el Gran Bilbao: represión y resistencias” izeneko txostena hezkuntza arloan erabili dadin nahi dute egileek, eta ikasle eta irakasleentzat lagungarri diren pausoak gehitu dizkiote.