argia.eus
INPRIMATU
Frankismoak erreprimitutako LGTBI+ kolektiboko kideak omenduko dituzte Bidankozen
  • Igari-Bidankoze errepidean urtero egin ohi den omenaldian, bereziki gogoraraziko dituzte euren sexu-nortasunagatik atxilotu eta esklabo lanetara derrigortutako pertsonak. Ekainaren 17an egingo dute ekitaldia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko ekainaren 09a
Frankismoak gerrako presoak, disidente politikoak eta erregimenaren gizarte ereduarkein bat egiten ez zuten pertsonak erabili zituen esklabo bezaa gerraoste luzean. Argazkia: \'Esclavos del franquismo en el Pirineo\'

Frankismoaren esklaboei urtero Bidakonzen egin ohi zaien omenaldiaren barruan, protagonismo berezia izango dute aurten LGTBI+ kolektiboko kideek. 1936ko Gerran eta gerraoste luzean, asko izan ziren euren sexu-nortasunatik atxilotu eta errepremitutako pertsonak.

Hainbatek esklabo lanak egiten amaitu zuen, eta hori gogoratuko dute ekainaren 17an, larunbatarekin, Erronkari eta Zaraitzu ibarrak batzen dituen Igariko gainean, Memoriaren Bideak taldeak egin ohi duen ekitaldian. Besteak beste musika emanaldia izango da egun horretan, baita bazkari autogestionatua ere.

Igari eta Bidankoze arteko errepide hori frankismoko esklaboek eraiki zuten 1939 eta 1941. urteen artean. Historialarien esanetan gutxienez 2.000 lagun baino gehiago aritu ziren errepidean lanean, oso baldintza kaskarretan. Gaur egun esklaboek erabiltzen zuten barrakoien erreprodukzio bat dago ikusgai Igariko gainean.

Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont ikerlariek sakonean aztertu zuten Igariko kasua, Txalapartarekin 2006an argitaraturiko Esclavos del franquismo en el Pirineo (Frankismoaren esklaboak frankismoan) liburuan, eta bertan diotenez, kondizioak hain ziren latzak preso askok –"ezinezkoa da jakitea zenbat izan ziren"– ihes egitea erabakitzen zuela eta zaintza guardiek horietako batzuk hil egin zituztela ihesaldian.

Langile batailoietan disidente politikoak eta erregimenak "arriskutsutzat" ikusten zituenak zeuden; eta horien artean, noski, nazional-katolizismoaren harreman eredu patriarkalarekin bat egiten ez zuten pertsonak ere bazeuden.

Tefiako nekazal kolonia

Hainbestekoa zen frankismoak egin nahi zuen garbiketa soziala, hainbat kolektiborentzat berezko kontzentrazo esparruak sortu zituela.

Steilas sindikatuak gogorarazi duen moduan, LGTBI+-eko kide ugariri bortxazko lanak eginarazi zieten Fuerteventurako Tefiako gunean; nekazal kolonia moduko bat, egiaz kartzela makabro bihurtu zena.

Fuerteventurako Tefiako guneaz dagoen argazki bakanetako bat.

Espainiako zuzenbideko Vagos y maleantes ("Alperrak eta gaiztaginak") legean oinarriturik 1954 inguruan sortua, Tefiako esparru hori basamortu baten erdian zegoen, aerodromo zahar batean, eta Gasteizkoa omen zen karmeldar-ohi batek zuzendu zuen lehen urteetan esku gogorrez, jipoiak, gosea, umiliazioa eta errepresio sexuala ezarrita.

1966an itxi zuten eta egun gazteentzako aterpetxe bat dago bertan.