argia.eus
INPRIMATU
Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak
  • Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 20a
Hego Txantreako mapa Iruñeko Udala

Julia Bea Soto, Dora Serrano Serrano, Aurora Gómez Urrutia, Julia Fernández Zabaleta, María Luisa Elío Bernal, Josefina Guerendiain Caro, Nemesia Baztán Turrau, Ramona Zapatero Zapatel, Matilde Huici Navaz eta Maria Carmen Húder Carlosena. Horiek dira Iruñeko Txantrea auzoko kaleei eta plazeei izena emanen dioten frankismoak errepresialatutako emakumeak.

Duela hiru urte Hego Txantreako hirigintza plana egiten ari zirenean auzoko bizilagun talde batek emakumeen memoria historikoari espazio publikoa eskaintzea proposatu zion Emakumeen Udal Kontseiluari. Horregatik, Iruñeko Udalak, ikerketa bat egiteko eskatu zion NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Horren emaitza zazpi kale eta hiru plaza dira.

Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotziaren arabera, kale-izendegia ez da soilik hiriaren antolakuntza urbanistikoa ulertzeko mapa edo gida bat: “Izendegian agertzen diren kaleen, eraikin publikoen eta plazen izanei esker, tokian-tokiko historian eragina izan duten pertsonaiak eta gertakariak ezagutu ditzakete herritarrek”.

Horrekin batera, espazio publikoa hartu izana berdintasunera bidean egindako beste urrats bat dela nabarmendu du: “Emakume hauek ekarpen bikoitza egin dute ikusgaitasunik eza bikoitza pairatu dutelako; emakume izateagatik eta frankismoarengatik”.