Sandra Barrenetxea torturatzea eta sexu erasoak egitea egotzita epaitzen ari diren lau guardia zibiletako batek frankismoa goratzen duen gune bateko argazkiak sareratu zituen, La Hainek aurkitu duenez. Salaketaren ostean, kontua itxi du.
Argazkian ikusten da Carlos Arranz Marina guardia zibilak dioen "nahita nahiezko geralekua", argazkiko lekuagatik. Jatetxean Espainiako ikur frankista eta Francoren argazkia ikus daitezke paretan. "Nolakoa zaren... beti politikoki hain neutral", esaten dio lagun batek. Bere erantzuna: "Klasiko bat bainaiz".
Sandra Barrenetxearen atxiloketan parte hartu zuen Jose Carlos Arranz Marina guardia zibilak, eta Madrileraino bere ondoan eserita joan zen autoan. Barrenetxeak salatu du autoan hasi zirela erasoak eta galtzak apurtzeaz aparte, kuleroak jaitsi zizkiotela.
Akusazio partikularrak hemeretzina urteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusatuentzako: hamar sexu erasoengatik, sei torturengatik eta hiru lesioengatik. Fiskaltzak eta defentsak, berriz, absoluzioa eskatu dute. Sandra Barrenetxeak asteazkenean eman du testigantza eta hiru aurrez aurre ezagutu ditu, ondorengo bideoan entzun daitekeenez.