argia.eus
INPRIMATU
Frankismo garaian jasandako torturak salatuko dituzte sei lagunek
  • Frankismo garaian torturak jasan zituzten sei pertsonak salaketa jarriko dute asteazken honetan Tolosako epaitegian; 11:00etarako elkarretaratze deialdia egin dute.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2019ko urtarrilaren 16a
2017an torturaren aurkako elkarretaratzea Tolosan (argazkia: Tolosaldeko Ataria).

Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Juan Goñi, Martin Jose Zabaleta, Jose Begiristain eta Amparo Arangoaren anaia, Juan, dira salaketa jarriko duten sei herritarrak. 1975 eta 1976. urteen artean izan ziren torturatuak eskualdeko Guardia Zibilaren kuartelean.

Esan dutenez, Espainiako justiziaren esku utziko dute "Jesus Muñecas Aguilar kapitainak, beste guardia zibil batzuekin batera, orduan Tolosan, Donostian edo Zarautzen Frankismoaren aurkako mobilizazioetan ari ziren milaka gazteei izu zitala sartzeko asmoz egindako ekimen kriminalaren salaketak".

Testigantzen berri asteazken honetan emango dute, 12:00etan, Tolosako epaitegian. Aurretik, baina, 11:00etan, elkarretaratzea egingo dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak deituta. Batetik, herritarrei mobilizazioan parte hartzeko dei egin diete. Bestetik, erakundeei "laguntza eta atxikimendua" eskatu diete; "hain zuzen, Gipuzkoako Batzar Nagusiei, aldundiari eta biktimak izan ziren udalei. Bereziki, kasu honetan eszenatokia izan zen Tolosako Udalari".

Servini epailea

Torturen berri emango duten herritarrek esan dutenez, badira beste biktima batzuk ere Donostiako, Bergarako edo Azpeitiko epaitegietan txanda eskatzen eta "Muñecas kapitainaren ekimenak salatzeko prest" daudenak. "Krimen hauek jadanik 2014an salatuak izan ziren Servini epaile argentinarraren aurrean, baina hark inputatu ondoren agindutako estradizioa bertan behera geratu zen orduko gobernu eta epaileen oztopoak medio".

Espainiako Gobernuari ere egin diote eskaera: "Pedro Sanchezen gobernua Frankismoarekin ere justizia egiteko jaio bada, berak aldarrikatzen duen moduan, badu betebehar bat: Estatuaren Fiskaltza Nagusiak 2016an ezarri zituen oztopo guztiak ezabatuaz egungo instantzia judizialei bultzada handi bat eman behar die, aurkezten diren salaketa guztiak onartuak izan daitezen eta beharrezko diligentziak egin daitezen horren larriak eta preskribaezinak diren Giza Eskubideen Legedi nazional eta nazioartekoaren aurkako atentatuaren aurrean justizia ezartzeko, Espainiako Konstituzioak berak, bere artikuluetan bederen, defendatzen duen lez".

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.