argia.eus
INPRIMATU
“Frankenstein” tomateak hazteko Tuestan egin nahi dituzten negutegiak bertan behera uzteko eskatu dute hainbat eragilek
  • Elikadura iraunkorraren aldeko mugimenduarekin lotutako elkarteek Gaubeako Udalari eskatu diote geldi dezala Hispalus enpresak Tuestako industrialdean martxan jarri nahi duen tomate hidroponikoa landatzeko proiektua. Negutegi horiek eraikitzeak ingurumenean, gizartean eta ekonomian “eragozpen larriak” sortuko dituela ziurtatu dute.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 24a

Elikadura jasangarriaren aldeko mugimenduko hainbat elkartek salatu egin dute Hispalus enpresaren almeriarraren jabetzako Cultivos Araba S.L. enpresak Tuestako industrialdean egin nahi duen proiektua, Hala Bedi-k jakinarazi duenez. Hispalusek 20 hektarea baino gehiagoko zabaleran teknologia berriarekin hornitutako negutegiak eta instalazioak sortu nahi ditu tomate hidroponikoa masiboki ekoizteko. Tomate ekoizpen hori Eroskik merkaturatuko du, eta etorkizunean Frantziako Estatura ere esportatzeko asmoa dute.

Elikadura iraunkorraren aldeko mugimendua osatzen duten elkarteen esanetan, proiektua martxan jartzeak "eragozpen sozial, ekonomiko eta ekologikoak" izango lituzke, bai Gaubeako udalerriarentzat, baita Euskal Herriarentzat ere. Ugari dira negutegiak eraikitzea arazo larria dela dioten arrazoiak. Besteak beste, “ekosistemaren eta biodibertsitatearen suntsipena” aipatu dute, proiektuak hainbat hektarea zementatzea ekarriko baitu. "Lurzorua ekosistema-zerbitzu ugari ematen dituen ondarea da, eta ezin da prozesu ekonomikoen bidez kontsumitu", adierazi dute eragileek.

Ekoizpen-ereduan ere jarri dute arreta, eta produkzio-forma horrek “menpekotasuna eta kaltea" sortzen duela ondorioztatu dute, "frankenstein" delako tomatea sortzeko puntako teknologiaren erabilera kontuan hartuta. Gainera, esan dutenez, tomateak "iruzurrezko" tokiko produktu gisa merkaturatuko dituzte. "Lokal" etiketarekin Eroskin salduko dituzte produktuak. Haien ekoizpena, ordea, “urrun dago hurbileko ekoizpenetik”. jasangarritik eta inguruarekin etengabe harremanetan egotetik.

Hispalusek 60 langile kontratatu nahi ditu negutegietan. Proiektuaren aurkako elkarteek ohartarazi dutenez, behargin horiek “lan-baldintza eskasak” izango dituzte. Andaluziako, Belgikako eta Holandako negutegietan bezala, bertan jarduten duten pertsonen “osasuna arriskupean” egongo dela susmatzen dute. Nekazaritza sektoreko hainbat erakundek eta sindikatuk ere gauza bera salatu dute. Ildo beretik, proiektua “berehala geldiarazteko” eskatu diote Udalari. Horretarako, parte-hartze prozesu bat abian jartzea beharrezkotzat jo dute.