argia.eus
INPRIMATU
France-Presseko kazetari bat hil da Ukrainian bonbardaketa batean
  • Arman Soldin, Ukrainiako Agence France-Presse (AFP) berri agentziako bideo koordinatzailea hil da asteartean Bajmutetik (Ukrainia) gertu, suziriekin Errusiak egindako eraso batean.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 10
Arman Soldin. Argazkia: AFP.

32 urteko kazetaria onik atera diren beste lau lankiderekin zegoen bonbardaketaren unean. 16:30ak aldera gertatu da, Tchassiv Iar inguruetan, Bakhmut inguruko Ukrainiako herrian.

"Bere heriotza kazetariek egunero jasaten dituzten arriskuen oroigarria da, Ukrainiako gatazkaren berri ematen dutenean", esan du Fabrice Fries agentziako zuzendari exekutiboak.

Agentziak berak zabaldutako ohar labur batean esan du "lur jota" daudela eta babesa erakutsi die kazetariaren senideei.

Mugarik Gabeko Kazetariak eta Kazetariak Babesteko Batzordeak 2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukrainiako inbasioa hasi zuenetik gutxienez hamaika kazetari hil dituztela kalkulatu dute.