Espainiako alderdi eskuindarrek ez dute babestuko Sánchezen gobernuaren ekimena, Francisco Franco diktadorearen hezurrak Erorien Haranetik ateratzeko.
Ostiralean da onartzekoa Espainiako Gobernua lege-dekretua, eta ondoren, Kongresuan bozkatuko dute. Orain arte aho txikiarekin aritu badira ere, asteazkenean Ciudadanos eta PP alderdietako bozeramaileek argi azaldu dute ez dutela lege-dekretua babestuko, abstenitu egingo dira. Areago, popularrek Konstituzio Auzitegira jotzeko asmoa erakutsi dute, lege-dekretuaren formula teknikoa aitzakia hartuta.
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek uda hasieran iragarri zuen pronto zirela diktadore faxistaren hezurrak monumentutik ateratzeko, baina arazo legal ugari eta frankismoa defendatzen duen eskuin-muturraren oposizioa aurkitu ditu bidean. Francoren oinordekoek, esaterako, Espainiako erregimenak Vatikanoarekin bere garaian sinatu zuen konkordatua erabili nahi du ekimena eragozten saiatzeko.
Frankismo garaiko epaiak bertan-behera
Sinbolikoki Francoren gorputzarekin zer egin baino garrantzia askoz handiagoa duen urratsa emateko prest dagoela adierazi du Espainiako Gobernuak, Oroimen Historikoaren Legea aldatuz: frankismoko epai eta zigor guztiak bertan behera uztea.
Biktimen elkarteek aspaldi egindako eskaria da eta PSOEko bozeramaile Andriana Lastrak azaldu duenez dekretu hori ere kaleratuko dute, ERC alderdiarekin adostutakoaren arabera.