Ekintza sinbolikoaren bitartez memoria historikoaren gaia eztabaidara ekartzea helburu dute, kaleetan kolonialismoaren goraipamena egitearen arriskuaz ohartarazita. Legionarioaren eskultura azaroan aurkeztu zuen Madrilgo alkateak, Espainiako Armadaren Museoko fundazioak finantzatuta.
Ekintzaile talde batek Francisco Franco diktadorearen itxurako silikonazko burua itsatsi dio Madrilgo Legionarioaren eskulturari, fusilaren puntan. 2023ko urtarrilaren 1ean burutu dute ekintza, eta azaldu dute beren helburua kolonialismoaren eztabaida mahai gaineratzea dela, gaur egun dituen ondorioak saiheste aldera.
Legionarioaren estatuari esanahia aldatu nahi izan diote ekintzaileek, “ezer suntsitu gabe”: “Espainiako Legioa kolonialismoaren indarkeriaren egile izan zen, eta kaleetan hura goraipatzea iraina da”, adierazi dute ekintza amaitu berritan, El Salto-k jaso duenez. Franco jeneralak Legioa alde izan zuen 1936ko estatu kolpean, eta atzerrian ere sarraskiak burutu zituen.
Historiaren ezagutzarik eza
Francoren buruak “bizitza laburra” izango duela azaldu dute, ekintza materiala baino gehiago sinbolikoa izatea nahiago baitute, “eta hortaz, hilezkorra”. Espainian historiaren ezjakintasuna handia dela gaitzetsi dute ekintzaileek, eta aldarrikatu ezinbestekoa dela “historiaren alde guztiak” islatzea kaleetan. Francoren burua Eugenio Moreno eskultoreak egin du.
"Ezer suntsitu gabe" kolonialismoa eta oroimen historikoa eztabaidatzea helburu dute ekintzaileek
Kolonialismoaren ondorioak oraindik nabariak direla salatu dute: "Melillako mugan pairatutako indarkeria, migratzaileen aurkako erasoak eta diskriminazioa sufritzen jarraitzen dute ondorengoek".
Estatua azaroan ipini zuten Madrilgo Castellana kalean, Espainiako Defentsaren Estatu Nagusiaren kuarteletik gertu. Hiriko alkate José Luis Martínez-Almeidak aurkeztu zuen, Espainiako Legioaren sortzaile izan zen José Millán Astray goraipatuz. Hain justu, arrazakeriaren aurkako aktibistek urtarrilaren 1a aukeratu dute ekintzarako, Millán Astray hil zela 69 urte direlako: “Kolonialismoak hildako biktimen eguna izatea nahi dugu urteko lehena”, azaldu dute.