Frankismoari egiten zaion “auzi sinbolikoa” da ‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlana, Erika Olaizola aktoresak Uztarrian adierazi duenez. Artedramak, Dejabu Panpin Laborategiak eta Le Petit Théâtre de Painek elkarrekin sortzen duten hirugarren antzezlana da, ‘Errautsak’ eta ‘Hamlet’en ondotik.
Bizirauteko beharrak gaixotuta duen komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da antzezlana. Frankismoak utzi zituen aztarnak aztertzen dituela azaldu du Ander Lipus aktoreak, “memoria historikoa berreskuratzeko bidea”, Naizek argitaratu duenez. Ospitale batean kokatzen da istorioa, eta bertan kateatuko dira pertsonaiak: leuzemia duen hamar urteko umea, gerra zibileko obus baten txatala duen gizona, medikuak…
Ximun Fuchs da zuzendaria, eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza egileak. Antzezlariei dagokienez, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Pako Revueltas, Erika Olaizola, Manex Fuchus, Zoila Berastegi eta Urko Redondo dira istorioko pertsonaiei izaera emango dietenak.
Urriaren 31n estreinatuko da Luhusoko Herri Xuri aretoan (Lapurdi). Eta udazkenetik maiatzera bitartean 40-50 emanaldi inguru eskainiko dituztela adierazi dute. Ondorengoak dira abendura bitartean ezarri dituzten antzezpenak: azaroaren 2an Gasteizen, azaroaren 4an Azpeitian, azaroaren 9, 10, 11, 12 eta 13an Donostian, azaroaren 17an Bilbon, azaroaren 18an Leioan, azaroaren 19an Donibane Garazin, azaroaren 26an Larresoron, abenduaren 1ean Iruñean, abenduaren 3an Senperen, abenduaren 4an Hondarribian, abenduaren 6an Durangon, abenduaren 9an Sopelan, abenduaren 11n Markina-Xemeinen, abenduaren 16an Zumaian, abenduaren 17an Otxandion eta abenduaren 18an Ataunen.
Informazio gehiago eta sarrerak salgai www.franco.eus webgunean.