argia.eus
INPRIMATU
François Ruffinek aukerak ditu Frantziako Legebiltzarrera ezker intsumitua eramateko
  • Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan baldin bada hautagai bat ezkerreko eta ezberdina, François Ruffin kazetaria da hori. Lehen itzulian sailkatzea lorturik, Pikardia Zutik mugimenduaren diputatu izatera iristeko aukerak ditu oraindik.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko ekainaren 13a
François Ruffin kanpainan; afixak dio: "Haiek dirua daukate, guk jendea!" (Argazkia: Le Parisien)

Emmanuel Macron presidentaren La Republique En Marchek bereganatu du frantziarren ordezkaritza osoa. Osoa? Ez, Pikardia eskualdean (Belgikako mugaren kontra) ezkerreko kazetari bazter-nahastaile gazte batek bizirik eusten dio Nuit Debout mugimenduak piztutako suari. Parisko Legebiltzarreraino langabetu, obrero eta baztertuen ahotsa eraman nahi baldin badu, Nicolas Dumont Abbevilleko alkate sozialista menderatu beharko du, notable lokal boteretsua, nekazaritza industrialaren ikur bihurtu den 1.000 behien aferan erdiz erdi inplikatua.

François Ruffin Calais hirian –Frantzia iparraldean– jaio zen 1975ean. 1999an Fakir aldizkaria sortu zuen. 2016an Merci patron! dokumentala egin zuen, ARGIAko orriotan aurkeztu genuena. Frantzian 500.000 jendek ikusi dute aretoetan Merci patron!, fenomeno soziologiko bat izan da eta hein batean haren uberan piztu zen Nuit Debout mugimendua 2016ko martxoan, sindikatuek Parisen antolatuta zeukaten manifestazio baten amaieran milaka jendek erabakirik plazak okupatzea, aurretik Occupy Wall Street eta M-15ekoek egin bezala. Euskal Herrian Gipuzkoa Zutik mugimenduak egin dio oihartzun, bere txikian. Orain diputatu izateko azken txanpan Pikardia industria gabetu eta txirotuan ezkerreko militante eta sindikalistei mobilizatzeko deia egin die Ruffinek:

Zer eskaintzen du Ruffinek? Hasteko bere burua kokatu du klase guztietako promesak entzunda desengainaturik dagoen boto emailearen lekuan: “Dudarik gabe, ‘gehieneko soldata’ bat ezarri nahiko nuke legez. Gai eta kapitalen zirkulazio librea baimentzen duten Europa mailako itunak ezabatzea. Lan prekarioa bukatzea. Gutxieneko soldata eta erretiroak 1.500 eurora igotzea. Oporretarako seigarren astea. Enpresa txikiak laguntzea eta ez handiak. Baina sinetsiko al dituzue zuek nire promesok? Akaso Legebiltzarrean edukiko ote dut gehiengoa? Duda egiten duzue, eta arrazoiz”. Horregatik, Ruffinek hiru konpromiso zehatz hartu ditu.

Bat: bere diputatu kargua utziko du boto-emaileen %25ek hala eskatzen badiote. Bi: diputatu bakoitzak urtero 130.000 euroko poltsa bat daukanez nahi duenari laguntzeko (bost urtetan 650.000!), juradu bat antolatuko du zozketaz haien esku utziz diru hori banatzea. Hiru: gaur diputatu batek hilabetean 7.100 euro gordin kobratzen duenez (beste indemnizazio eta estrak aparte), gutxieneko soldata 1.500 eurotara igo artean Ruffinek kobratuko du hilean 1.181 euro, Fakir aldizkarian kobratzen duena.