Merci Patron! filmak irabazi du dokumental onenaren Frantziako Cesar sari nagusia. Domina jasotzeko ekitaldian François Ruffin zuzendari eta kazetari ezkertiarrak industriako enpleguen deslokalizazioa eta langileei ekarritako miseria salatu ditu, François Hollande lehendakariari eskatuz “ipurdia mugitzeko”.
Cesar sariaren ordez Goya irabazi balu Merci Patron!ek (Bernard Arnault balitz Florentino Perez eta Vincent Bolloré Juan Luis Cebrian) euskaldunok gure tertulia eta sare sozialetan horretaz ariko ginen, ez baitago herri galdeketarik gure buruak des-espainolduko dituenik.
Eta bai, show antologikoa burutu du Fakir aldiakariaren zuzendari Ruffinek Cesar saria eman diotenean, beheko bideoanikus daitekeenez. Ez galdetu zer den Merci Patron!, ARGIAn luze azaldu baikenuen. Baina hemen doaz Ruffinek saria hartzea esandakoak (azpian itzulpena osorik):
Aurkezlea: “Cesar saria, dokumentalen sailean, eman zaiona da… Merci Patron!, François Ruffinek egina.
Off-eko ahotsa: “Merci Patron! filmean François Ruffin abiatzen da lanik gabe geratu den familia baten kasutik, zorretan itota baitago lana ematen zien oihalgintza fabrika Polonia eraman zutelako. Hartuko dute helburu fabrikaren buruzagi Bernard Arnaud hunkitzea. Saritara aurkeztutako dokumentalen artean hau da ikusle gehien lortu duena, urte betean 500.000 jendek ikusi baitute saletan”.
François Ruffin (kamisetan darama Vincent Bollore, Cesar sarien telebistako eskubideak dauzkan Canal+ kateko buruzagia): “Nire filmak aipatzen zuen fabrika bat Poloniara eraman zutena, atzean utziz kristoren miseria eta ezinegona. Eta gu hemen solasean ari garen bitartean, Amiens hiriko Whirpool fabrika, jantzien lehorgailuak ekoizten dituena, gauza bera ari da nozitzen, Poloniara baitaramate. Duela hamabost urte, ordurako Amiensen nintzen, arropen garbigailuak eraman zituzten Eslovakiara, Continental eraman zuten Errumaniara, Goodyear Poloniara… Badira hogeita hamar urte hau gertatzen dela altzarigintzan, oihalgintzan, kimikan, metalurgian eta denetan. Zergatik berdin hogeita hamar urte pasata ere? Obreroak harrapatzen dituelako, eta horiek ez zaizkio inori inporta.
Aktoreak balira, aktore errumaniarrekin konkurrentzian jarrita, arazoa berehala azalduko litzateke. Balira kazetariak… Kazetarien zergak ikutzen direnean, eztabaidak egoten dira, iritzi artikuluak egunkarietan. Baina imajina dezagun diputatuei gertatzea, esaten dutela diputatuak ez direla aski konpetitiboak. Diputatu frantses bakoitza kostatzen da hileko 7.610 euro, baina diputatu poloniar bat hileko 2.000. Baina pentsa, Bangladesheko diputatu bat hilean 164 euro kostatzen da. Pentsatu egun batean esaten dela: bihar Legebiltzarra Varsoviara deslokalizatu behar dugu. Berehala egongo lirateke eztabaidak parlamentuan, eta lege proposamen bat sortuko litzateke. Badira berrogei urte hori bera gertatzen zaiela obreroei eta inork ez du lege proposamenik egin. Zeren eta herrialde honetan egongo da jendea hortzik gabea baina batez ere daude buruzagi barrenik gabeak. Beraz, François Hollande jaunak oraintxe dauka aukera, agintaldia amaitzen ari zaionean, erakusteko bere arerioa finantza dela, agindu dezakeela, debekatu ditzakeela Whirlpool produktuak Frantziako eremuan. Atera dadila bere ahuldadetik eta mugi dezala ipurdia”.