argia.eus
INPRIMATU
François Ruffin: Asterix txikiak lehen bataila irabazi dio Zesar-Macroni
  • Atzoko hauteskundeen ondotik, Emmanuel Macron presidenta da nagusi Frantzia osoan De Gaulle berria bailitzan. Osoan? Ez. Belgikako mugan neoliberalismoak miseriara kondenatutako Pikardian kazetari ezkertiar lotsagabe batek zanpatu du Zesarren ordezkaria.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko ekainaren 19a
François Ruffin bere aldeko boluntarioekin diputatu pasatu izana ospatzen. (Argazkia: Courrier Picard)dela

Lehen itzulitik bigarrenera abstentzioa handitu baldin bada ia denetan, Pikardian alderantzizkoa lortu du xomaiara kondenatutako obreroei ahotsa eman dien Ruffinek bere aldeko boluntarioek Abbeville eta inguruko herri eta auzoetan kanpaina beroa eginda atez ate. Eta inork gutxik seriotan hartzen zion apostua irabazi du: urte luzez Alderdi Sozialistaren parlamentari eta Abbevilleko alkate den Nicolas Dumont orain Macronen mugimendura pasatua tarte nabarmenez menderatu du, botoen %56 Ruffinek, %44 Dumontek. Kazetariak mobilizatu dituen boluntarioak pozarren zeuden emaitza jakindakoan:

Le Monde garai batean sozialdemokrata gaur oligarka batek erosita neoliberal bilakatuak titulatu du: "François Ruffin, un trublion à l’Assemblée" (François Ruffin, bazter nahastaile bat Parlamentuan). Reporterre gune ekologista aurrerazaleak berea, "François Ruffinen garaipen eredugarria". Egia baita Europako ezkertiar askok –ez izenik aipa, jainkoagatik– neoliberalismoaren aurka ahotan darabilen diskurtso diseinuzkoaren aldean oso bestelako ereduarekin garaitu duela Ruffinek.

ARGIAko irakurleek ezaguna dute Ruffin, Fakir aldizkari ezkertiar haustailean ia hogei urtez arituta Frantziako milaka herritar Merci patron! filmearekin harritu zituena. Haren arrastoa jarraitu duena ohartuko zen asko edan duela Occupy Wall Street, 15M eta Nuit Debouteko iturrietatik, baina Ruffinek beti nahastu du sistemaren kontrako diskurtso berria bere sorterri Pikardiak daukan ezkerreko tradizioarekin eta bizilagunak dituen herritarrek egunero bizi dituzten estutasunekin. Politika zaharra zakarrontzira bota beharraz hitz egin du beste ahots europar askok bezala Ruffinek, gerrilla-komunikazioan maisuki jokatuz...

... baina europako ezker erradikal gehienen aldean, diskurtso obrerista darabil Ruffinek, eta erabakigarriagoa izan dena bere garaipenean, ekintza obreristago eta konprometituagoa. Ez da batere kasualitatea industria gabetzeak eta langabezia masiboak Front Nationalen eskuetara bota zituen Pikardian gizon honek obrero horietako asko ezkerrarentzako berreskuratu izana eta aurrean zeukan betiko aparatero zakur zaharra aulkitik bota izana.

Orain beste guduan heldu zaizkio Asterix-Ruffini. Ez txikiena, agindu dituen neurriak eta jokabideak betetzea eta jarrera intsumituan irautea Parisko Legebiltzarraren jauregi usteltzailean. Eta gainera, hainbeste itxaropen beregan jarri duten kaleko herritarrei erantzun zehatz eta laguntzazkoak lortzea. Gehiegi eskatzea dela gizon bakar bati? Ziur. Horregatik daude-gaude hainbeste herritar pozik lehen gudu handian Goliat bentzutu duelako