LR alderdiko Frantziako presidentziarako hautagaiaren aurkako ikerketa bat ireki dute. 1998 eta 2012 artean bere emazteak lan faltsuengatik 900.000 euro kobratzea egotzita ikertuko du fiskaltzak, Le Mondek zabaldu duenez.
Presidentetzarako lasterketaren erdian heldu dira Fillonen aurkako akusazioak. Duela astebete Canard enchainé astekariak publikatutakoaren arabera, Penelope Fillon hautagai kontserbadorearen emazteak 500.000 euro kobratu zituen 1998 eta 2008 artean, Fillionentzako aholkularitza lan faltsuak egiteagatik.
Asanblada Nazionalean ez omen zekiten ezer lan horien inguruan: “Ez dut inoiz eduki lan horien berri”, adierazi du Jeanne Robinson-Behreek, Fillonen zein bere ordezkoaren aholkulari ohiak. Fillionen bozeramaileak, berriz, ziurtatu du Penelope Fillonek bere senarrarekin elkarlanean aritzen zela, “beste parlamentario askoren emazteak bezala”. Izan ere, mota honetako praktikak ohikoak dira Frantzian; adibide gisa, Mediapart egunkariak burututako azterketa baten arabera, 2014ean kongresu eta senatuko 925 diputatu eta senatarietatik 150ek baino gehiagok euren senideak kontrataturik eduki zituzten.
Aurrez aipatutako 500.000 euroei gehitu behar zaie lehen ministroko kargua galdu zuenean, 2012 eta 2013 artean, Le revue des deux mondes kultura-aldizkariak Penelope Fillon kontratatu zuela, literatur-aholkulari bezala, hilean 5.000 euro kobratuz. Baina inoiz ez ei zuen bere lana bete. Aldizkariaren zuzendaria, Marc Ladreit de Lacharrière enpresaria, harrituta azaldu da, esanez Penelope Fillon ez zela inoiz erredakzioan egon.
Finantza Fiskaltzak auzi bat ireki du diru publikoen desbideratzeen eta gizarte ondasunen abusuen ustezko delituengatik. Salaketak zuzenak balira, lan faltsuengatik lortutako irabaziak 900.000 eurotara helduko lirateke
“Misoginia nazkagarria”
Hitz horiekin kritikatu du lehen ministro ohiak bere emaztearen aurkako akusazioa, eta bere “lan egiteko eskubidea” aldarrikatu du.
Beste alderdi batzuetan, berriz, isiltasuna da nagusi: Frente Nazionalak ez du adierazpenik egin. Marine Le Pen alderdiaren presidentea eta bere aita ustezko iruzur delituengatik aztertuak izaten ari dira.