Frantziako eskuinaren primarioetan François Fillon nagusitu da. Bigarren itzulian botoen %67 lortuta Les Republicans alderdiko hautagaia izango da Fillon 2017ko Frantziako hauteskundeetan.
Lehen ministro ohiaren programa kontserbadore eta ultraliberalak mendean hartu du Alain Juppé. Fillon berak erradikaltzat jo duen programak lehen itzulian botoen %44,1 bereganatu zituen, sorpresaz gainontzeko hautagai guztien gainetik gailenduz. Oraingoan faborito gisa, botoen %67 lortu du. Aurreko astean bezala, lau milioi lagun baino gehiagok bozkatu dute bigarren itzulian ere.
Frantziako presidente izateko eskuinaren hautagai denak frantziarrei konfiantza itzultzeko zeregina duela azaldu du, “immobilismoa eta demagogia garaituz”. Garaipen hitzaldian oraindik presidente den François Hollanden papera kritikatu du eta presidentearen funtzioak “berrezarriko” dituela zin egin du.
Inkestek diotenez, Fillonek Fronte Nazionaleko Marine Le Pen izango du presidentziarako bidean hautagai indartsuena. Horretarako bere programa kontserbadore eta liberala puskatzailetzat aurkeztu du, aldaketarako bide gisa.
Le Pen gustura agertu da Fillonen garaipenarekin eta aurkeztu den programa sozialik “txarrena” dela adierazi du: "Europari begira inoiz egin den programarik txarrena da. Inoiz inongo hautagairik ez da horren urrutira joan Europar Batasunaren eskakizun ultraliberaletan".
Eskuineko alderdiek Frantzian era honetan egiten dituzten lehen primarioak izan dira aurtengoak. Guztira sei hautagai izan ziren, tartean Nicolas Sarkozy presidente ohia, eta bigarren itzulira bi bozkatuenak iritsi ziren.
Alderdi sozialistak, berriz, urtarrilean egingo ditu bere primarioak. Manuel Valls lehen ministroa izan da hautagaitzarako bere burua jada aurkeztu duen bakarretakoa: “Ezkerrak inongo aukerarik ez duenaren ideia puskatu nahi dut”.