argia.eus
INPRIMATU
François Fillon ataka gaitzean, Les Républicains alderdia itota
  • François Fillon hautagai eskuindarraren kanpainak ez du bideragarritasunik. Ataka batean sartu da. Lehen ministro ohia basurde zauritu baten gisara oldartzen ari zaizkie hedabideei, magistratuei eta kanpainako gainerako hautagaiei.    

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko martxoaren 03a

François Fillon ez da “diruaren erabilpen okerra” akusaturik dagoen lehen agintari eskuindarra. Iraganeko UMP eta RPR alderdietako (Les Républicains-en (LR) aurretikoak) kide Jacques Chirac eta Nicolas Sarkozy presidenteek edota Alain Juppé ministroa izanak justiziaren aurrean pasa behar izan zuten, funts publikoen bidegabeko erabilpenarengatik. Fillon martxo honen 15ean pasako da gorteetako magistratuen aurrean.

Frantziar poliziak Fillon lehen ministro ohiaren etxea miatu zuen atzo. Frantziako fiskaltza Le Canard Enchaîné-k egindako akusazioen harian gero eta ustelkeri kasuak agertzen ari da. Penelope Gate aferaz gain, azken berrien arabera, Fillonen bozeramaile Thierry Solèrek ez zituzkeen zergak ordaindu izan, azken hiru urtean.Goiz honetan berean, Solèrek Fillon abandonatu du eta Alain Juppék utzi lezake hurrengo orduetan. 

Bi hilabete barru hauteskundeetako lehen itzulia izanen da. Aste honetan, Fillonek dimisioa emango zuela espero zuen herritar askok. Bere familia politikoa hasi da arrailtzen: Fillonen kanpainan europar eta nazioarteko aferen ardura zeukan Bruno Le Mairek dimisioa eman du. Dimisioen jarioa zabaldu da, LRko hautetsi andana –50 baino gehiago dagoeneko– beren atxikimendua kendu diote Filloni.

Fillon azken asteotan otzan ibili ostean, basurde zauritu baten gisara agertu da prentsa-aurrean. Lengoaia hagitz zorrotz erabili du, askoren ustez zitala: “Nire aurkako oldarra, hilketa politikoa da”. “Herriak epaituko nau, ez justiziak”. “Ez dut amore emanen”. Hasieran, “biktima” bezala agertu zen, orain, despota gisara. Fillonen hitzetan “despotismo ilustratua”-ren zantzuak antzeman dituzte hainbatek. Beste gisa batez, Fillonek, klase politikoen boterea, botere judizialaren gainean ezarri nahi du.

LR alderdian ur uherrak jaisten ari dira. Goi-mailako agintariak aiduru eta atezuan daude. Eskuinaren hautagaia basatzan sartua da. Alta, atzo Nîmes hirian “basurdea”-k 3.000 jarraitzaileen aitzinean jardun zuen lehiakor eta amorratua. Halaber, heldu den igandean Parisen manifestatzera deitu ditu bere jarraitzaileak. Sarkozyk, antzeko egoeran egon zenean, 100.000 lagunen atxikimendua jaso zuen. Fillon antzeko sostengua bilatzen ari da.

Frantzia “gerra” egoeran dagoela esatera heldu da Fillon. Aldi berean, Le Canard Enchaîné egunkaria hil mehatxuak jasotzen hasia da. Fillon ataka gaitzan sartu da. Pelenolepe afera ezagutu zenean, prokuradore-bulegoak "afera" azterketa judizialen jarriz gero, Fillonek dimitituko zuela esan zuen. LRko hautagaia hasia da emandako hitza “jaten”. Askoren esanetan, hartu duen bideak “bere buruaz beste” egitera behartuko du ezinbestean.

Opinionway inkesta-etxearen arabera, frantziarren %70en aburuz, lehen ministro ohiak dimisioa eman beharko luke. Inkestaren beraren arabera, Fillon kanporatua litzateke lehen itzulian, ez luke bozen %20 gaindituko. FNko Marine Le Penek, aldiz, %25 lortuko luke eta Emmanuel Macronek %22.

Bigarren itzulian berriz, Le Pen eta Macronen arteko lehia honela ebatziko litzateke: %34 versus  %66. Emmanuel Macron presidente.

Ahantzi gabe, inkestak, inkestak direla betiere.