argia.eus
INPRIMATU
Franco eta Primo de Riveraren eskelak publikatu ditu berriro ere Vocento taldeko ABC egunkariak
  • Vocento taldeko ABC egunkariak Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Riveraren eskelak argitaratu ditu 2018ko azaroaren 15ean. Bien alde otoitza eskatu eta omenaldietara gonbidapena luzatu dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko azaroaren 16a
ABC egunkariak argitaratu dituen eskelak.

Jose Antonio Primo de Rivera Miguel diktadorearen seme nagusia zen, Falange Española alderdia sortu eta zuzendu zuen. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, atxilotu eta gobernuaren aurka matxinatzeagatik fusilatu zuten. Frankismoak eta eskuin muturrak bere irudia erabili du propagandaren martiri moduan.

Jose Antonio Primo de Riveraren eskelak dio azaroaren 20an, 20:00etan Hermandad de la Vieja Guardia-ren egoitzan, Falangearen sortzailearen "betiereko atsedenaren" alde otoitz egingo dutela. Baita ostiralean, 21:00etan, Madrilen omenaldia egingo diotela eta koroa Erorien Aranera eramango dutela ere.

Francisco Franco Espainiako diktadorea izan zen 40 urtez. Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernu demokratikoaren aurka estatu-kolpe militarra jo eta estatuburu izan zen 1939tik eta 1975 arte. Milaka hildako eragin zituen, baita euskararen eta euskal kulturaren aurkako eraso gordina zuzendu ere, espazio publiko guztietan debekatuz.

Francoren eskelak dio azaroaren 20an Madrilgo eliza batean bere omenezko elizkizuna egingo dutela 20:00etan.