Francisco Franco Fundazioko zuzendariordea da Jaime Alonso Garcia. “Terrorismoa epaitzeko konponbide bakarra” heriotza zigorra dela adierazi du elkarrizketa batean, eta frankismoaren aspektu batzuk “aplikatu beharko liratekeela” gaur egungo Espainiako Estatuan.
Frankismoaren fusilamenduak justifikatu ditu Jaime Alonso Garciak, El Mundo egunkariak azaroaren 19an argitaratutako elkarrizketa batean. Bertan azaldu duenez, “Erregimenak ez zuen apetaz fusilatzen”. Hilketa horien bidez “kriminalak epaitu” egin zirela esan du, eta heriotzara kondenatuta zeuden 36.000 pertsonetatik, “23.000 besterik ez” zituztela fusilatu, “zifra barregarria, Italian edo Frantzian gertatutakoarekin alderatuta”.
Horren harira, Memoria Historikoaren Legearen helburua duela 80 urte galdutako guda irabaztea dela adierazi du, “gorrotoaren eta mendekuaren bidez”. Eta euren senideen gorpuak bilatzen aritzen direnek “gaia handizkatu eta helburu politiko jakin batzuekin manipulatu” dutela.
Horrez gain, “barkamena eskatzen lehenengoak errepresaliatuak” izan behar dutela gaineratu du, “sistemaren kontra borrokatu izanagatik”. Bere ustez, Frankismoaren aspektu garrantzitsu batzuk aplikatu beharko lirateke gaur egungo Espainiako Estatuan. Modu horretan, gobernuak bere legea ezartzeko “autoritate osoa” izango lukeela adierazi du, “inork ez luke autoritate hori eztabaidan jarriko”, eta “legea betetzen dela ziurtatzeko boterea edukiko lukete Justiziak eta Estatuko Indar Armatuek”.
Donald Trumpen garaipenari eta Marine Le Penen gorakadari dagokienez, adierazi du Frantziako eta Ameriketako Estatuak Espainiakoa baino “helduagoak” direla, eta “manipulatzen zailagoak”. Le Pen ere boterera heltzea espero duela azaldu du, eta Trumpen “heldutasuna” Espainiako Estatura heltzea.