Francisco Franco fundazioa legez kanpo uzteko eskaria erregistratu du Espainiako Kongresuan Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak ostegunean. Fundazioen legea aldatu eta giza eskubideak urratzen dituztenak legez kanpo uzteko eskatu dute.
Elkarteko ordezkari Bonifacio Sánchezek aurkeztu du testua, eta talde parlamentari guztiei eskatu die bat egin dezaten Gorteetan onartua izan dadin. 1976ean sortu zen fundazio frankista, diktadorea hil eta urtebetera, bere memoria eta obra zabaltzeko.
Uda honetan izan den Pazo de Meirás jauregiaren eskandalua izan da azken arrazoia, baina argi utzi dute “arazoa aspaldikoa dela”. Diktadorearen senideek daukate Sada herrian dagoen jauregiaren jabetza, eta Galiziako Xuntak kultur interesa zuela esan zuenetik, hilean lau bisita antolatzera behartuta daude. Uda honetan bisitak Francisco Franco fundazioak kudeatzen dituela jakin da, “Francoren balioak goratzeko”.
Sánchezen iritziz, “ezinezko litzateke Italian Mussolini edo Alemanian Hitlerren jarraitzaileek bera goratzea, eta hemen ez da ezer gertatzen. Frankismoa hor dago, benetakoa da eta harro dago. Legez kanpokotzat hartu behar da”.