argia.eus
INPRIMATU
Francisco Franco fundazioa debekatzeko eskatu dio Europako Parlamentuak Espainiako gobernuari
  • Faxismoarekin eta nazismoarekin loturiko mehatxu oro legez kanpo uztea du helburu ostegunean onartutako mozioak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 26a
Hogar Social Madrid-eko kidea / Argazkia: El Confidencial

Ostegunean onartu zen mozioa Estrasburgon, Europako Parlamentuaren egoitza nagusian. Aldeko 355 boz, aurkako 90 eta 39 abstentzio jaso zituen mozioak honela zioen: “nazismoa eta faxismoa defendatzen dituzten fundazioak, sinboloak eta monumentuak kendu eta debekatu behar dira”.

Bost talde politikoren artean –ezkertiar zein eskuindarrak– sinatu zuten proposamena, hala ere, testuan talde edota fundazio faxisten izen zehatzik ez aipatzea adostu zuten. Ebazpena jakin bezain pronto, asko dira Espainiako Estatuan Francisco Franco fundazioan fokoa jarri dutenak.

Europar Batasuna, kezkatuta

Ultraeskuindarren indarra handituz doa Europan. Eurodiputatuek errua estatu zehatz batzuei egotzi zieten, ultraeskuindarren erasoak ugaltzen ari diren herrialdeei. Hargatik, gorroto delituetan espezializatutako polizia-unitateak ezarri beharko liratekeela esan zuten. Arrazakeria, xenofobia eta futbolaren inguruko faxismoa kontrolatzeko neurriak hartu beharra azpimarratu zuten eurodiputatuek.

Hizpide izan zuten 2010. urtetik hona izandako hainbat eraso, tartean Francoren gorpuaren lekualdaketa eta ikertzen ari diren Hogar Social Madrid-eko hamabi kideak.