argia.eus
INPRIMATU
Francisco aita santuak ‘Miñan’ liburua gomendatu du
  • Francisco aita santuak Maltara egin duen bidaiatik bueltan, hegazkinean mintzagai izan du bertan ikusi duen migranteen egoera. Bukaeran, Miñan liburua aipatu du eta gai horri buruz hausnartzera gonbidatu ditu entzuleak. Amets Arzallusek Ibrahima Balderen bizipenak azalduz idatzitakoa da bide luzea egiten ari den liburu hau.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 05a

Rome Reports-ek zabaldutako bideoaren 3:30 minutuan aipatu du Francisco aita santuak Amets Arzallusek Ibrahima Balderen bizipenak azalduz idatzitako Miñan liburua: "Badut jende hauen guztien gurutzbidea azaltzen duen liburu txiki hori". Gai horri buruz hausnartzera gonbidatu ditu entzuleak.

"Ahaztu egiten dugu Europa migranteek eraikitakoa dela"

Hitzartzearen hasieran aipatu du Maltan ikusi duen arazoetako bat migrazioa dela (1:20 minututik aurrera): "Migranteen arazoa larria da, zeren Grezia, Zipre, Malta, Italia eta Espainia Afrikaren auzo dira baina datozen migranteak itzulti egiten dituzte. Eta migranteak beti etorriko dira". Aipatu du arazoa dela Europako herrialdeak ez direla prest egoten migranteak hartzeko. "Ahaztu egiten dugu Europa migranteek eraikitakoa dela". Baina arazo guztia ez dela mugako herrialde hauen bizkar soilik jarri behar zehaztu du.

Europa Ukrainari eskuzabal atea zabaltzen ari den bezala, mediterraneotik datozenei abegi bera izateko eskatu du: "Sufrimenduen testigantzak jaso ditut eta asko eragin didate".