argia.eus
INPRIMATU
Francisco Aita Santua: “NATOren zaunkek gerra erraztu dute agian”
  • Gerra gelditzen saiatu asmoz, Putini bilera eskatu diola jakinarazi du Francisco Aita Santuak, baina momentuz ez duela erantzunik. Ukrainako gerra armamentua probatzeko erabiltzen ari direla salatu du, eta gerren aurkako ekimen herritar desobedienteak txalotu.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko maiatzaren 04a
Argazkia: Telesurtv.net

Corriere della Sera egunkariari eman dion elkarrizketan egin ditu adierazpenak Aita Santuak. Bertan azaldu du gerra hasi zen egunean Ukrainako presidente Zelenskyri deitu ziola, baina ez Vladimir Putini. Hogei egun beranduago, ordea, Parolini kardenalari eskatu zion Errusiako presidenteari helarazteko berarekin biltzeko proposamena, baina gaur gaurkoz ez du erantzunik jaso: “Putinek ezin du eta ez du nahi bilera hori egin une honetan”.

NATOren zaunkak

Gerraren “sustraiak” aztertzerako orduan, NATOren jarrera kritikatu du Bergogliok. Adierazi duenez, litekeena da “NATOren zaunkak Errusiako atean” Putinen erantzun “okerra” hauspotu izana. “Haserre bat probokatua ez dakit, baina erraztua agian bai izan dena”.

Gerra gelditzen laguntzeko ahaleginak egingo dituela adierazi du Franciscok. Momentuz Ukrainara ez du bidaiatuko, “lehenbizi Putinekin bildu behar dut”.

Gerrak armagintzaren probaleku

Francisco zalantzati agertu da ikuspuntu kristau batetik Ukrainara armak bidaltzea egokia den edo ez: “Ukrainarrak hornitzea egokia ote den galderari ezin diot erantzun, urrutiegi nago”. Gerraren negozioa salatu du: “Argi dago lurralde horretan armak probatzen ari direla. Errusiarrek orain badakite tankeek gutxi balio dutela eta beste gauza batzuetan pentsatzen ari dira. Gerrak honetarako egiten dira: sortu ditugun armak frogatzeko. Hori izan zen Bigarren Mundu Gerra aurreko Espainiako Gerra Zibilaren kasua”. Euskal Herriko bonbardaketetan, esaterako, Alemaniako militarrek gerora Bigarren Mundu Gerran erabili zituzten armak eta bonbardaketa teknikak frogatu zituzten. “Armen merkataritza eskandalua da, inor gutxi dago aurka”, ziurtatu du.

Desobedientziaren alde

Gerren aurkako ekimen herritar desobedienteak txalotu ditu Aita Santuak: “Duela bizpahiru urte armaz betetako ontzi bat iritsi zen Genovara, eta kargaontzi handi batera eraman behar zuten Yemenera eramateko. Portuko langileek ez zuten nahi. Esan zuten: pentsa dezagun Yemengo haurrengan. Gauza txikia da, baina keinu polita. Horrelako asko egon beharko lirateke”.