argia.eus
INPRIMATU
Francisaldia: hautsak harrotu zituen hilketa homofoboa gogoratzen duen zikloa
  • Francisaldia zikloa antolatu du Errenteriako Udalak, Francis trabesti homosexuala hil zuten eguna, LGTBfobiaren aurkako eguna eta sexu askapenerako eguna batuz. Herriko kaleak aldarrikapenez bete nahi dituzte, “pertsona guztiontzako gune seguruak eta askeak izan daitezen”.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 17a

Ekainaren 10ean, 43 urte beteko dira Vicente Vadillo Francis hil zutela, Errenteriako Apolo dantzalekuan. Antonio Cava poliziak tirokatu zuen, trabesti izateagatik, eta gertaera hark eraginda herritarren protesta itzelak bizi izan ziren 1979 hartan, LGTB mugimendua ikusgarriago eginez.

Aurten, lehenengo aldiz, LGTBIfobiaren kontrako eguna den maiatzaren 17a, Francisen oroimena, eta sexu askapena aldarrikatu nahi duen ekainaren 28a batuz, Francisaldia zikloa antolatu du Errenteriako Udalak, LGTBI+ mahaiarekin elkarlanean. “Berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde” antolatu dute zikloa, “aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin”.

Ekainaren 28ra arte iraungo duen zikloan, hainbat ekitaldi izango dira: hala nola, Errenteriako LGTBI+ ekintza-planaren aurkezpen publikoa, LGTBI kontakizun erotikoen mikro irekia, Yogurinha Borovaren kontzertua, eRRe emanaldia (ikasleentzako beste emanaldi bat ere egingo du taldeak), zineforuma, transmarikabollo kalejira, “Mari Errauskin Edurne Zurirekin maitemindu zen” ipuin kontaketa familientzat…

Ikusi egitarau osoa lotura honetan.