argia.eus
INPRIMATU
France 3 Euskal Herri telesaioa kentzearen aurkako elkarretaratzea Baionan
  • Ipar Euskal Herriko albisteak eskaintzen dituen France 3 Pays Basque informazio saioa eteteko agindua eman du erakunde publikoak. Informatiboa jarraitzearen aldeko sostengu deia zabala da. Goizeko 11:00etan protesta ekintza eginen da Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko irailaren 27a
Ixteko asmoa ez da berria, 2012 urtean langileak mobilizatu ziren tokiko egoitza zabalik mantentzeko.

Euskal Herri / Pays Basque saioa ixteko neurria 2018an jarriko da indarrean. France 3 Baionako enpresa komiteko langileen esanetan, erabakia “azkar eta bortizki” hartua izan da Parisko zuzendaritzaren aldetik. Hala ere, tokiko egoitza hau ixteko asmoa ez da berria, 2012. urtean langileek mobilizatu behar izan zuten tokiko egoitza zabalik mantentzeko.

Euskal Herriko berriak lantzen dituen edizioak zazpi minutu irauten du egunero, horietako minutu bat euskaraz landua izaten da. Telebista publiko honetako Baionako langileak langabezian geratzeko arriskuan daude. Horretaz gainera, langileek diotenez, Euskal Herriko ikusleek bertako gertakariak eta eguneroko errealiatatea segitzeko emankizuna galduko lukete.

Baionako egoitzetako langileek Frantziako osoko lankideen sostengua eskatu dute, baita Iparraldeko beste hedabideetako langileena ere. Kari horretara, goizeko 11:00etan Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan (CCI) protestatzeko kontzentrazioa deitu dute.

Tokiko eragile politiko, sozial eta kultural anitzek babestu dute deialdia. Euskal Konfederazio erakundeak bere atxikimendua plazaratu du elkarretaratzera deituz:

“2012an Euskal Konfederazioak bere desadostasuna erakutsi zuen France 3 Euskal Herri antenatik kentzeko erabakiarekin. Atzo jakin dugunez France 3 Euskal Herri berriz mehatxatua zela, honen bidez France 3 Euskal Herriko langileek antolatu mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu. Izan ere, ez dezagun ahantz tokian tokiko berriak emateaz gain, France 3 Euskal Herri dela telebista kate publiko guzien artean astelehenetik ostiralera euskaraz emititzen duen bakarra. Eta euskarazko parte hori minutu bakarrekoa bada ere, kentzea beti gibelapena da telebista kate publikoek zerbitzu publiko gisa euskara kontuan hartzeko eta garatzeko duten ardurari begira”.