argia.eus
INPRIMATU
Fran Balda, ezker abertzaleko militante ezaguna, auto batek harrapatuta hil da Etxarri Aranatzen
  • Fran Balda, 53 urteko arbizuarra eta ezker abertzelako miltante ezaguna, larunbatean hil da auto batek harrapatuta Etxarri Aranatzen.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 15a
Argazkia: guaixe

Larunbat gauean hil zen Fran Balda Etxarri Aranatzen auto batek harrapatuta. Ezbeharra gaueko 22:30ak aldera gertatu zen. Foruzaingoa arrazoiak ikertzen ari da.

53 urteko arbizuarra, ezker abertzaleko militante ezaguna zen. Arbizuko Udaleko zinegotzia izan zen 2007 eta 2011 artean, baita Sakanako Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea ere. Bere ekimenez, Nafarroako Arbizu herria Palestinako Marda herriarekin senidetuta dago; Balda brigadista izan baitzen bertan.

Balda Herrira mugimenduaren aurkako bi sarekadetan atxilotu zuten, 2013an eta 2015ean. Gaur egun, Sare Nafarroako militantea zen eta Euskal Memoriarekin lanean ari zen Nafarroako tortura kasuak argitzeko ahaleginean.

Sare eta Sorturen adierazpenak

Nafarroako Sarek ohar bidez agurtu zuen Balda: “Zure hutsunea handia izango den arren, askoz handiagoa da eman diguzun guztia, Fran!”. Sareko ordezkariek albistea “izugarrizko kolpea” izan dela nabarmendu dute. “Bizitzaren gorabehera guztiei beti aurrera egiteko adore eta kemena erakutsi izan duzu lagun. Zure irakaspenak soinean, orain besteoi dagokigu aurrera egitea; ez da erraza izango”, adierazi dute. Baldaren senitartekoei “besarkadarik beroena eta muxurik sentikorrena” bidali nahi izan diete.

Sortuk, halaber, albisteak ezker abertzalean eragin duen “min handia” azpimarratu du. "Militante nekaezina joan zaigu, presoen askatasunaren eta herri honen alde beti borrokatu duen horietako bat".